LITERATURA

Mikel Tabernaren eta Oier Guillanen liburu berriak

Mikel Tabernak (Alkaiaga, 1957) Alkasoroko benta (Susa) izenburuko lehendabiziko nobela aurkeztuko du bihar, apirilak 25, Berako Herri Liburutegian, 18:00etan.

Honela dio liburuaren sinopsiak: “Lesaka eta Bera artean dago Alkasoro. Denetik saltzen da hango bentan, eskuinean baitauka denda eta ezker aldean taberna; beraz, handik igarotzen dira biztanle guztiak, oraintxe ez bada geroago. Bentako semea da Martin Irazoki, nobela honen kontalaria, 50eko hamarkada amaieran jaioa, gaztaroko hogei urteen berri emango diguna, eta gisa horretan herri oso baten erretratua”.

Tabernak orain arte hiru lan plazaratu ditu: Mendearen ilunabarrean poemategia (Arabako Foru aldundia, 1996); Errege eguneko panpina izenburuko ipuina (Kutxa, 2000); eta, azkenik, Txokolatezko dinamita ipuin liburua (Susa, 2001).

Ondoko bideoa uberan.org-eko lagunek egin dute:

Guillanen poesia liburu berria

Oier Guillan (Orereta, 1975), halaber, Elkartasun basatia (Susa) olerki bilduma berria aurkeztuko du bihar, apirilak 25, Donostiako Udal Liburutegi zaharreko sotoan, 11:00etan.

Guillanek lau ataletan egituratu du poemategi berria, eta teatroaren zipriztinekin busti du. Poeta gipuzkoarra, izan ere, antzerkigintzan ere aritzen da, bai idazle, bai aktore gisa: “Elkartasun basatia poesia liburu bat da, baina teatroak bustita dator askotan. Dramaturgia eta poetika oso gertu ikusten ditut eszena garaikidean, eta hori bera esploratzea eta ikertzea interesatzen zait”.

Liburu berriaren harira, idazleak hiru errezitaldi egingo ditu: maiatzaren 9an Donostian izango da Literaktum jaialdiaren baitan; ekainaren 1ean, Larrabetzun, eta 7an, Oreretan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button