MUSIKA

Wayne Shorter, unearen eternaltasuna

Wayne Shorter (Newark, AEB, 1933) jazz saxo jotzaile klasikoak Getxo Jazz jaialdiaren XXXVI. edizioaren baitan joko du. Izan ere, bihar, uztailak 6, izango da Biotz Alai Plazan, 21:00etan. Gaur goizean hedabideen aurreko agerraldia egin du Bilboko hotel batean. Umoretsu, pentsamendu sakonak azaltzen eta energiaz beterik azaldu da.

Saxo jotzailea 1964. urtean hasi zen Miles Davis tronpeta jotzaile mitikoarekin jotzen Herbie Hancock, Ron Carter eta Tony Williams musikariekin batera. Bost musikariok itzal handiko Second Great Quintet izeneko boskotea eratu zuten, -lehendabiziko boskotean John Coltranek jotzen zuen saxoa-. Era berean, garai hartan Shorter-ek hainbat disko grabatu zituen Blue Note diskoetxe ezagunarekin, tartean, JuJu (1964) eta Speak No Evil (1965) ezagunak.

Harrezkeroztik, jotzen aritu da gaur arte. Horren isla 2003 eta 2006 urteetan jaso zituen Grammy sariak Alegria eta Beyond The Sound Barrier diskoekin. Horretaz gainera, 2006. urtean Jazz Journalists Association-ek (Jazz Kazetarien Elkartea) urteko banda txiki onenaren saria eman zion Wayne Shorter Quartet taldeagatik, zeinarekin azken hamaika urteetan aritu den, -Getxon ere banda horrekin joko du-.

“Azken hamaika urteak daramatzagu elkarrekin jotzen eta ez dugu entseatzen. Ezezaguna den hori bilatzeak dakarren erronkak mugitzen gaitu, lau musikariok gara lider eta ez dugu sekula liskarrik izan”, azaldu du estatubatuarrak. Izan ere, musikari bakoitzak taldean duen garrantzia azpimarratu du, “taldetik eta errespetutik abiatuta jotzen dugu”.
Entsegurik ez egitearen beste arrazoia musikarien lanbideak dira. Gehienak, gainera gizarte kontuetan egiten dute lan. Danilo Perez (pianoa), John Patitucci (kontrabaxua) eta Jorge Rossyk (bateria) musikariek osatzen dute laukotea. “Taldekide bakoitza bere pentsamendu eta jarduera askea dauka”. Shorter egun Los Angeles hirian bizi da eta 21 eguneko bi edo hiru bira egiten ditu urtean.

Getxoko emanaldia gaur eguneko ezaugarrien isla izango dela nabarmendu du. “Nola moldatu ezezaguna den gauza horrekin une honetan”. Izan ere, saxo jotzailearentzat, unea da garrantzitsuena, baina eternaltasunarekin lotua. Momentuaren eta eternaltasunaren arteko harreman horretan aurkitzen du Shorterrek jazzaren esentzia. “Musikariak momentua bizitzea zer den jakin behar du, inprobisazioa, une inprobisatu hori eternitatea baita… gauza bera gertatzen da eleberri batean”. Hala, liburu on bat irakurtzea edo Coltranen edo Davisen musika entzuteak “pertsonak hobeak egiten gaitu”.

Hala, jazza bizitza definitzeko beste hitz bat dela esan du, eta jazz musikak musikarien eta ikus-entzuleen “potentzialitateen” edo indarraren artean berdintasun harremana bilatzen duela. “Potentzialitate hori giltzarria da, amaiezina da, ez dauka ez hasierarik ez amaierarik”, nabarmendu du. Mugarik gabeko indar horren harira, Miles Davisek behin esan ziona gogoratu du tronpeta jotzailearen ahotsa imitatuz umoretsu: “Ez zara aspertzen beti musikaren soinua duen musika jotzen?”. Musika fluxu ahaltsu eta mugaezin gisa sentitzen duten musikari gutxi dira egun, gero eta gutxiago, Shorter etengabeko erronka eta bilaketa horren sinbolo bizia da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button