IKUS-ENTZUN

PreZINEBIren ikus-entzunezko jarduerek ia azaro osoa beteko dute

Bilboko Zine Dokumental eta Laburmetraien Nazioarteko Zinemaldiaren 52 edizioak aperitiboa eskainiko du azaroaren 9tik 20ra bitartean, PreZINEBIn biltzen diren jarduerez osatutako programazioarekin.
Hirugarren urtez jarraian, Euskadiko Ikus-entzunezkoen sektorean lan egiten duten erakundeek, taldeek, profesionalen elkarteek eta prestakuntza zentroek hartuko dute parte ekimen horretan.
Eikenek-Euskal Herriko Ikus-entzunezkoen Klusterrak, sustaturiko EikenBANKen laugarren edizioaren aurkezpenak abiatuko du programazioa.

PreZINEBI 52ko hitzordu nagusietakoa Euskal Herriko Gidoigileen Elkarteak Thomas Bidegain gidoigile euskaldunarekin antolatu duen topaketa izango da. Gidoigile honek, Jacques Audiardek zuzendutako Un prophéte (2009), film luzearen gidoia idatzi zuen. Lan horrek Cannesen Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen eta Hollywoodeko Akademiak ematen dituen Oscar sarien azken edizioko Atzerriko Filmik hoberenaren saria jasotzeko hautagai izan zen. Topaketa azaroaren 10ean izango da, arratsaldeko 19:45etan.

EHU-ko Arte Ederren Fakultateak eta Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak, Erandioko Tartanga Institutuak eta Bilboko Claro de Luna, IMVA Keta KINEMA zine-eskolek, 2010ean ikasleek egindako lanak erakutsiko dituzte azaroaren 11n eta 12an.

Zinebiexpress lehiaketak bere hirugarren edizioa ospatuko du aurten. Izen ematea larunbatean, azaroaren 13an, izango da, Zabalgune Eraikinean, goizeko 9:00etatik 10:30era, eta une horretan jakinaraziko da laburmetraien gaia. Antolakuntzak DV zinta bat emango dio parte hartzaile bakoitzari, eta 48 ordu izango dituzte euren proiektuak burutzeko. Proiektuak leku berean entregatu beharko dira, astelehenean, azaroaren 15ean, arratsaldeko 18:00etatik 19:30era.

Zinegoak, Bilboko Gay-Lesbo-Bi-Trans Nazioarteko Zine Jaialdiak, El show del txistu lanaren aurkezpena eskainiko du azaroaren 13an. Horrez gain, Zinegoak 10eko laburmetraia irabazleak eskainiko dira. Beste urte batez, UNICEF-Euskadik, ZINEBIko sari ez ofizialetako bat babestuko du. Azaroaren 15ean, Afrikako herrialdeetan bizi duten egoera latza erakusten duten nazioarteko laburmetraien aukeraketa eskainiko da. Agertzen diren herrialdeen artean daude Benin, Malawi, Kongoko Errepublika Demokratikoa, Hego-afrika, Burkina Faso, Mozambike, Ghana eta Zimbabwe.

FAS Zine Klubak 80 Egunean euskal laburmetraia aurkeztuko du PreZINEBI barruan. Bertan egongo dira Jon Garaño eta José Mª Goenaga zuzendariak eta baita antzezle protagonistak ere, Itziar Aizpuru, Mª Asun Pagoaga eta José Ramón Argoitia.
PreZINEBIn ohikoa denez, Bilbon izen bereko film laburren zinemaldi ausarta antolatzen duen Caóstica Elkartea izango da berriro ere 52. edizio honen amaiera ekitaldiaren arduraduna. UFO-PORNOari eskainitako festa bat antolatuko du.

Hau eta beste asko, Zinebik duen webgunean bildurik duzue.

Nontzeberri

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button