
Ostegun honetan, Amorantek, Iban Urizar musikari gipuzkoarrak kontzertua emango du Bartzelonan, Centre Artesà Tradicionàrius aretoan, 20:30ean hasita. Eta bihar, otsailaren 18an, 21:00etan, Bartzelonako Euskal Etxean, Habia hirukotearen emanaldia ere programatu da.
Diogun moduan, gaur berton Amorantek kontzertua eskainiko du. Amorante (Elgoibar 1975) 2014tik dabil han hemenka emanaldiak ematen eta musika sortzen. Urizar Euskal Herriko musika esperimentalaren eta inprobisazio librearen eszenarekin lotuta dago, Bizarra edo Mengele quartet, popa edo rocka bezalako proiektuetan Joseba Irazoki edo Rafa Ruedaren bandetako kide gisa ibilia, edo folkean Joseba Tapia musikariarekin batera.
Amorantek makina bat instrumentu erabiltzen ditu, gitarra, ukelelea, tronpeta, harmoniuma, zintzarria eta perkusio tramankuluak; eta looper bat darabil soinu horiek guztiak nahasteko.
Bere azken lana Bat edo Hiru izeneko diskoa da. Zazpi kantuk osatzen duten disko beltza da, iluna eta era berean, tristeziaren edertasuna dario diskoari. Iluntasuna hitzetan sumatu daiteke eta aukeratutako tresnak eta estetikak eragin zuzena izan dute diskoaren izaera ilun hori nabarmentzen.
Beste aldetik, Elena Haira (biola, ahotsa), Amaia Hiriart (txeloa, ahotsa) eta Maia Iribarne Olhagarai (biolina, ahotsa) musikariek osatzen dute Habia taldea. Animalia naiz eta diskoa kaleratu dute.
“Hiru hari eta hiru ahots batera. Tradiziotik abiatuta sorkuntza berriak jotzen dituzte eta taldearen musika entzutean mundua mugimenduan eta jendeen soinua hurbiletik sentitzen dugu. Kafira batean bagina bezala, amaren besoetan lokartzen ginelarik bezala. Egoera biziki berezi horretan gizadiaren barnatasunean murgiltzeko”.



