ESZENA

Noraino eraman gaitzake botere goseak?

Horman Poster eta Dxusturi teatroa taldeek Rikardo III eta ni aurkeztuko dute Andoain Bastero Kulturgunean, otsailaren 20an, 19:30ean, eta hurrengo egunean, Gernikan izango dira, 19:00etan.

Hauek dira lanaren nondik norakoak: “Hiru pertsonaia oholtza gainean. Hirurak Shakespearen zale amorratuak. Hiru friki hauek, Rikardo III.ren gaineko aluzinazio eszeniko bat ekarriko dute gure aurrera. Nor da Rikardo III? Ba al du Rikardok moralaren kontzientziarik? Zertan datza politika? Manipulazio mekanismo berberak erabiltzen ziren lehen zein orain? Noraino eraman gaitzake botere goseak?
Shakespearek idatzitako tragedia historikoa oinarri hartuta, hiru kideak galdera hauek erantzuten saiatuko dira. Horretarako, Shakespearen antzezlaneko ezenak, umorea eta eztabaidak erabiliko dituzte. Fikziotik terapiara eta handik dantzara ibiliko dira saltoka oholtza gainean. Anabasa horretan gaudela apurka apurka, Rikardo III.ren munduak irentsiko gaitu. Fikzio maila guztiak nahastuko zaizkigu eta ikuslegoaren pentsamenduan galdera bat pausatuko da: gutako bakoitza ote da Rikardo III?”

Xabi Payak euskaratu du testua, eta Igor de Quadra (Horman Poster) eta Eneritz Artetxe Aranaz (Dxusturi Teatroa) aritu dira zuzendaritzaz eta idazketaz.
Bertan parte hartzen duten antzezleak Leire Ucha, Ion Zumelaga eta Eneritz Artetxe Aranaz dira.

Show More

Related Articles

Back to top button