LITERATURA

Munduko Poesia Kaierak bilduma lodiago

Anne Hebert eta Giorgos Seferis poeten antologiak gehitu dira Munduko Poesia Kaierak bildumara. Aiora Jaka Irizar eta Maite López Las Heras izan dira itzultzaileak.

Bildumaren editoreek azaldu dituzte lan berrien nondik norakoak: Anne Hebert (1916-2000) Quebeceko poesiaren ordezkari garrantzitsuenetako bat da, eta hein berean sailkagaitza eta berdingabea. Ahots oso pertsonal baten jabe, bide guztiz berea egin zuen literaturan. Eleberrigintzan eta poesian aritu zen bizitza osoan zehar, eta bi arloetan lortu zuen aitortza zabala. Poesia enigmatikoa da Hebertena, soila bere adierazpenean, baina sinbolo ondo neurtuen gainean oparo eraikia. Naturako elementu sinple baten behaketak abiatzen du askotan poema (iturria, euria, txoriaren kantua, gaua), eta sakontasun intimo handiko gogoetetaraino gidatzen du berehala eta oharkabean irakurlea.
Aiora Jaka Irizarrek zorrotz, tentuz eta mimoz eginiko itzulpena dator liburu formatuan.

Giorgos Seferis (1900-1971) Greziako 30eko belaunaldiko kidea izan zen, garrantzitsuenetakoa eta internazionalenetakoa (Nobel saria ere eman zioten 1963an). Urte asko egin zituen Greziatik kanpo, erbesteratuta zein lan kontuengatik, eta berekin eraman zuen beti bere lurra, baina ez miraz eta nostalgiaz, baizik bere oinaze eta ezin-ulertu guztiekin. Horra hor itzuli nahia, itzuli ezina, itzuli ahalaren gogorra eta are trauma, eta itzulera batzuen norarik eza. Sinbolismoa sakon jorratu zuen, betiere gertaera partikularrak, tokiko historia eta jokaleku eta objektu erreal jakinak unibertsalizatzeko. Maite López Las Herasek zorroztasun harrigarriz itzuli ditu bere poemak.

Kaierak, hementxe dituzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button