
Beste argitaletxe batzuek egin duten moduan, produkzio ederra aurkeztuko du Erein argitaletxeak Durangoko Azokan.
Idazle ezagunen lanek ikusiko dute argia. Adibidez, Jon Arretxeren azkena da horietariko bat: Txerriak eta loreak. Ezohiko nobela da, laburra eta pertsonaia bereziez hornitua: Zuriñe Ruiz de Gordoa gasteiztar mandatugile bitxia, Gabriel Abrisketa basauriar enpresari ustela, Fermin Bakaikoa arbizuar txistorgile iluna… Harridura, dibertimendua eta ustekabeak ziurtatuta daude.
Arrate Egañak Espekulazioak lana kaleratu du. Zazpi kontakizunek osatzen dute lan hori. Idazleak, bere estilo garbi, arin eta zuzenez, eta irudimena bidelagun, ipuin-sorta bitxia bezain erakargarria aurkeztu du oraingo honetan.
Azken batean izeneko lan da Lourdes Oñederra idazleak plazaratu duena. Eleberri honek begirada sakona eskaintzen die indarkeriaren zauri oraindik irekiei, baina baita oroimenari, familiari eta Euskal Herriko historia hurbilean emakumeak izan duen paperari ere.
Toti Martínez de Lezea idazleak klasiko bat da Durangoko Azokan. Aurten Ahotsak lana dakar. Lanak hamabost narrazio labur biltzen ditu, istorioak kontatzeko hamabost modu ezberdin, meditatzera, sentitzera, barre egitera garamatzatenak.
Kepa Iribar idazleak Erleen azken ziztada plazaratu du. Idazleak narrazio bizi eta zirraragarria eskaintzen digu, suspensearen hariari etengabe tiraka, iragana eta oraina elkarrizketan jarriz. Eleberriak, istorio pertsonalen bidez, gure gizarteko itzalak agerian uzten ditu: ultraeskuinaren gorakada, emigrazioaren tragedia, boterearen gehiegikeriak, beldurraren logikak eta elkartasunaren indarra.
Karlos Linazasororen Düsseldorfeko txibatoa da beste lan interesgarri bat. Hizkera bizi-bizian eta tonu probokatzailean idatzia, liburu honek irakurlea behartzen du gizartearen ispilu distortsionatuan bere burua aurkitzera. Literatur jardun ausart eta zirikatzaile baten adibide garbia da.
Poesian lan bat nabarmendu behar da: Iban Garro Alzuri idazlearen Euri beroak eta. Lehenak 2024ko Blas de Otero-Ángela Figuera poesia saria eskuratu zuen. Liburu honek gelditu eta gibelera begiratzen lagunduko dizu, agian sorpresa bat jasotzeko, agian nonbait daramazun istorio gogorren bat ezagutzeko.
Nobedade guztiak zeintzuk diren ikusteko: Erein.



