EZLEKUBAT

Saioa Olmo:”Nire proiektuak hipotesi ezberdinak frogatzeko esperimentuak dira”.

Saioa Olmo Alonso (Bilbo, 1976) artistak Arte Ederretan lizentziatu ondoren, hainbat bakarkako zein taldeko proiektutan parte hartu du: Emancipator Bubble, Zergatik…?, Atrakzioen itzulera, Galleterak, Desioak lurreratzen… Bere obrak EHn, Madrilen eta Italian ere aurkeztu ditu. Aste honetan bere tailerra ireki digu bere lanaz eta proiektuez mintzatzeko.

Zer esan nahi du zuretzat artista izateak?

Artea niretzat erantzunak beste era batean bilatzea da, era dinamiko batean galderak planteatzea. Eta galderek erantzunek baino garrantzi handiagoa dute.

Zeintzuk dira artearen bidez planteatzen dituzun galderak?

Galdera hauek anitzak dira eta batzuetan zailak hitzez adierazteko baina alor zehatzekin harremana dutenak: identitatea, genero eta feminismoa, dependentzia-independentzia, desioak, ingurua eraldatzea, imaginario kolektiboa… Aldi berean, arte arlorrean bereziki begiratzen, beti interesatu zait publikoarekiko interakzioarekin esperimentatzea eta artearen mugekin jolastea.

Zelakoa da ikuslegoarekin duzun harremana?

Tradizionalki ikuslearen rola, honelakoa da: sortzaileak zeozer egiten du eta ikusleak gauza amaitu bat konsumitzen du. Ni hori kolokan jartzen saiatu naiz. Horretarako estrategia ezberdinak erabili ditut proiektuak itxita ez egoteko eta posible izateko haiek osatzea jendearen aportazioekin. Niretzat objektu artistiko bat sortzea baino, garrantzitsua, esperientzia artistiko bat sortzea da. Desioak lurreratzen Desioak lurreratzen proiektuan, pertsonak ekintzan parte hartzen.

Zure artea ezagutu nahi duen bati, nola definituko zenioke? Ze kategoria artistikoan kokatuko zinateke?

Bada kostatzen zait. Nire lan prozesua da lehenengoz ideia izatea eta gero bilatzea bideak hori lortzeko. Ez naiz performer, ez eskultore, ez bideogile sentitzen. Badago jendea ni kokatzen nauena arte erlazionalaren barnean, baina nik inoiz ez dut modu horretan nire burua pentsatu. Kategoriak ez zaizkit gustatzen besteek esaten dutena barneratu dezakezulako eta nahiago dut ez sentitu eremu batetara mugatuta.

www.ideatomics.com-en 4 jardunbide (futurize, desioak, generoa eta Euskadi-Trademark) aipatzen dituzu. Loturarik al dute?

Bai. Errepikatzen diren kontzeptu batzuk ikus daitezke: imaginario kolektiboa, identitatea, estereotipoak eta inguruan eragin ahal diren aldaketak. Generoari dagokionez, feminismoa niretzat bizitzan egoteko modu bat da, identitatea, estereotipoak eta gauzak aldatzeko grinarekin erlazionaturikoa; Euskadi Trademark-en aztertu nuen identitatea eta bisualki nola transmititu eta eraldatu ahal den imaginario kolektiboa; Futurize-n, etorkizuneko eszenatoki desiragarri bat kolektiboki eraikitzeko aukera; eta desioetan, imaginario kolektiboa.

Zure azken jardunbidea desioen inguruko izan da. Zer da haiei buruz ikasi duzuna?

Hasteko askotan uste dugula ditugun desioak barrenetik ateratzen zaizkigula, baina sarri estandarizatuak ditugu, sozialki transmitituta. Izatez jendearen desioetara ailegatzeko sortu behar duzu egoera berezi bat, bestela estandarizatuak soilik aterako dira (etxe bat izan, zoriontasuna…). Horrela Aztiaren etxean proiektuan, desioen sorrerari buruz pentsatzera bultzatzen nuen jendea. Desioak puzten-en, bilatu nuen jokoaren bidez, desioak beste era batera agertzea… Nire proiektuak hipotesi ezberdinak frogatzeko esperimentuak dira. Desioak puzten Desioak puzten proiektuan jendea jolasean.

Zure desioren bat aitor diezagukezu?

Beste erantzun bat emango dizut. Artelanak egiten ditut nire egoera pertsonalaren arabera, ez da era kontziente batean izaten, baina behin egin eta gero konturatzen zara zergatik egin dituzun. Esaterako Emancipator proiektua bukatu arte ez nintzen emanzipatu. Eta Euskadi-trademark edo generoaren inguruan lan egitean, nire identitatea planteatzen nengoen. Desio Indisziplinatuen proiektuan jendeari bere desioak galdetzen dizkiot, nireak suposatzen, dut arazoak sortzen ari zaizkidalako.

Bakarkako proiektuez gain, taldekoak ere egin dituzu. Taldean ala bakarrik lan egitea nahiago duzu?

Niri gehiago gustatzen zait taldeka lan egitea. Hobeto pasatzen dut, aberasgarriagoa da, bai niretzat, eta uste dut baita proiektuentzat ere. Niretzat taldean lan egitea bakoitzaren hoberena ateratzea da. Baditu ere bere alde txarrak, eta taldeek ere beraien bilakaera dute. Batzutan ongi dago talde bat hastea eta amaitzea. Beraz niretzat PBTak (Pertsonen Batasun Tenporalak) aberasgarriak dira.

Etorkizunerako proiektu berririk?

Orain egiten ari naizen proiektua, Transnazionala, bukatu nahi dut. Gero, Hamaika urte dantzan bideoa egin nahi dut egindako lanaren inguruko usain bat emateko, orain 11 urte hasi bainintzen proiektuak egiten. Bestalde artea, partehartzeaz eta psikologia sozialaz gehiago ikertzen hasiko naiz. Eta beste proiektu berri bat ere atera zait genero indarkeriaren inguruan, baina “prozesuan” ditudan lanak bukatu nahi ditut lehenengo.

Atrakzioen itzulera, Saioak Consonnirekin osoturiko PBTaren emaitza eder baten adibidea.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button