EZLEKUBAT

Miren Pastor: “Inoiz pentsatu gabeko egoeretara eraman zaitzake argazki kamara bat izateak”

Miren Pastor, 25 urteko lekeitiarra da. Arte ederretan lizentziatua Leioan, eta azken urtean Erasmus programaren bitartez Italian izan da ikasten. Orain dela lau urte heldu zen Madrilera Cristina Iglesiaz eskultorearekin praktikak egitera. Daniel Canogar eta beste artista batzuentzat asistente lanak egin ostean, ikasten jarraitu zuen, bideo edizioa, diseinu grafikoa, web diseinua… argazkilaritzarekin topo egin  zuen arte, bereziki BlankPaper eskolari esker. Bi urtez bertan ikasten aritu ostean Nafarroako Gobernuko bekari esker, egun koordinatzaile lanetan ari da eskolan, proiektu pertsonalekin eta Shifthaus kolektiboko ekintzekin txandakatuz lana.
Artista gazte honek egiten dituen argazkiak ikusita elkarrizketa bat egitera animatu gara.

Zein argazki ekiporekin egiten duzu lan?
Nire argazki materiala, proiektu guztietan bera da: Canon 5D kamera eta 50eko objektiboa. Gainera, objektibo fijoa izatean, norberaren hankak dira zooma, horrela jendearengana hurbiltzea errazten dit. Kontaktu hori oso garrantzitsua da niretzat.

Shifthaus kolektiboaren partaide zara. Zein da bere helburu nagusia? Zer nolako proiektuak garatzen dituzue?
Shifthaus, diseinu grafikoko masterrean elkar ezagutu genuen bost klase kide eta maisuaren artean sortutako kolektiboa da. Disziplina ezberdinetako pertsonok osatzen dugu, esparru ezberdinak landuz: argazkia, diseinua, bideoa, komunikazioa… Oso aberasgarria da gauza berriak egiteko eta kreatibitatez gainezka dagoen lan talde baten parte izatea. Etengabe eguneratzen dugun bloga daukagu, festibalak, kontzertuak, ekitaldiak… antolatzen ditugu, etorkizunerako hainbeste proiektu ditugularik esku artean.

BlankPaper Eskolako koordinatzaile zabiltza. Zertan datza zure lana bertan eta zer nolako helburuak ditu eskolak?
Joan den urtean zehar, Fosi Vegue zuzendariarentzat asistente aritu ostean, aurten koordinatzaile nago lanean. Sorte handia izan nuen lagun batek eskola hau gomendatu zidanean. Gainontzeko argazki eskolen aldean, ikasteko prozedura oso berritzaileak eskaintzen ditu. Helburua ez da teknika bikainki menperatu eta argazki politak ateratzea soilik, baizik eta argazkia bitarteko erabiliz, istorio bat kontatzea, norberaren istorioa. Azken finean ez dago zertan Indiara joan zerbait interesgarria kontatzeko. Sarritan, gure etxean, lagun artean, egunerokotasunean hainbat gauza interesgarri daude. Soilik, ondo begiratzen jakin behar da, norberaren istorioa bakarra baita. Azken finean, helburua ez da argazkigintzatik bizitzen erakustea, argazkiekin disfrutatu eta zoriontsuago bizitzen laguntzea baizik. Mundu guztiari gomendatuko niokeen esperientzia bat da.

Argazkilariaren lana bakarkakoa izan ohi da, baina zure kasuan talde lanean aritzen zara. Zergatik?
Nire argazki proiektuak ez ditut taldean egiten. Neu naiz kalera irten eta argazkiak ateratzen dituena. Baina gerora, ezinbestekoa ikusten dut argazkiko klase-kideekin batu eta aholkuak eskatzea. Izan ere, norberak ikusten ez dituen gauzak edo sentimenduak azaleratzen dira irudietan. Sarritan terapia itxura har daiteke.

Argazki lanetan jarduten duzu gehienbat edo beste diziplinak lantzen dituzu?
Momentu honetan, argazki munduan murgildurik nabil bereziki. Baina ez ditut atzean uzten fakultatean hasitako eskultura lanak edota diseinu inguruko beste proiektu batzuk. Gaur egun diziplina hauek guztiak elkarren osagarri direla uste dut. Zenbat eta esparru gehiago ezagutu, aberasgarriagoa izango da emaitza.

Gaur egun, argazki, kamera eta irudiak oro har, lortu eta sortzearen erraztasunak denon eskura egoteak onura edo kaltea egiten dio argazkilaritzari?
Erraztasun gehiago izateak eta jende askoren esku egotea, abantaila garrantzitsua da. Egun, edonork ezagutzen duen teknika da, umeetatik barneratzen dena. Ez da ezer elitista, bere sorreran izan zen bezala. Edozein arte diziplinetan lez, zenbat eta proposamen ezberdin gehiago egon, orduan eta errazagoa izango da etengabeko eboluzioan egotea. Era berean, beste diziplina batzuekin nahastearen aldekoa naiz. Purismoak alde batera utziz, ezinbestekoa ikusten dut medioen eboluzioa. Izan ere, momentuko tendentzietara moldatzeko aukera erosoa eskaintzen du argazkigintzak.

Zein euskarri nahiago duzu zure lana aurkezteko? Papera, sarea… Zein abantaila edo zailtasun topatzen dituzu batean eta bestean?
Gaur egun, Internet da tresnarik indartsuena lanak ezagutzera emateko. Gainera medio audiobisualak, paperak ez dituen abantaila ugari ditu: bideo formatua, merkea da produzitzea, zabaltzea… baina nire ustetan, liburu klasikoak duen karisma ez da sekula itzalpean geratuko. Liburu formatua, esku artean daukazun objektu erreal bat da. Asko gustatzen zait argazkiko liburuak erosi eta ikustea. Editatzeko orduan ere, paperean egitea ezinbestekoa da. Argazkiak elkarren ondoan jarri, eskuzko maketatxoak egin… pantaila batean antzematen ez diren hainbat aspektu azaleratzen dira.

Aurten AEBetan ibili zara argazkiak ateratzen eta Waiteen seriea ikusi ahal izan dugu. Nolakoa izan da proiektu horren bilakaera? Bidaiaren esperientzia? Nerabetasunarekiko hausnarketarik?
Betidanik izan da nire ametsetako bat Amerikako Estatu Batuetara joatea. Ingelesa ikasteko eta argazkiak ateratzeko gogoak bat eginda, urte osoan zehar prestatzen ibilitako proiektua izan da Shifting USA. 16 urteko nire neba Anderrekin planteatu nuen eta esperientzi zoragarria izan da biontzat. 48 eguneko bidai honetan, herrialdea kostatik kostara gurutzatu genuen, proiektu zehatz bat buruan izan gabe. Arreta deitzen zidan guztia argazkitan ateratzen nuen. Eta egunero igotzen genituen argazkiak, zein esperientzi berriak gure blogera. Baina argazkiak ateratzea bezain garrantzitsua da amaieran egiten duzun edizioa, honen arabera hartuko baitu diskurtsoak zentzu bat edo beste. Horregatik, etxera bueltatu, argazkiak inprimatu eta irudiei aurrez aurre begiratzean, pentsatu baino gauza pertsonalago bati buruz hizketan nabilela ohartu nintzen. Ez dira nire nerabezaroko erretratuak, baina modu batera edo beste pertsonai horrekin identifikatuta sentitzen naiz nire gaztaroko hainbat momentutan. Zerbaiten zain nengoen beti. Hortik dator wait + teen hitz jokoa.

Waiteen serieko argazkiak koloreetan egin dira. Zuri-beltzean ere aritzen zara?
Hasieratik argi eduki dudan gauza da. Mundua koloreetan ikusten dudan bezala, halaxe plasmatu nahi izan dut nire argazkietan ere.

Zure argazki lanen artean paisaiak eta erretratuak ikusi ditugu, zerk erakartzen zaitu gehien?
Bai, ugariak dira erretratuak. Jendea, orokorrean. Asko gustatzen zait argazkilaritzak ematen didan aukera beste pertsona batzuekin kontaktuan jartzeko. Ezagutzen ez duzun gazte bat kalean gelditu, eta erretratu bat egiteko baimena eskatzean, hortik aurrera ez dakizu oso ondo zer gertatuko den. Gehienetan oso hunkigarria den une berezi bat sortzen da, argazkilari eta argazkituaren artean. Era berean, inoiz pentsatu gabeko egoeretara eraman zaitzake argazki kamara bat izateak, bestela ez zinatekeena sekula helduko.

Erreferente gisa zeintzuk argazkilari edo artista dituzu?

Argazki dokumentalaren munduan murgiltzen hasi nintzenean orain dela urte pare bat, Walker Evans-en erakusketa bat ikusi nuen Madrilen erabat txundituta utzi ninduena. Klasikoak aparte, zuri beltzetik kolorera jauzi egin zuten talde amerikarra dago, non Stephen Shore zein William Eggleston-en lanak oso interesgarriak diren. Azkenik erretratugile bezala, Mark Steinmetz edo Sally Mann-ek bere seme-alabei egindako lanak aipatuko nituzke.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button