MUSIKA

Mikel Markezek bederatzigarren lana plazaratu du

Iragan astean aurkeztu zuen Mikel Markezek (Errenteria, 1971) Hiri hartan izan zen bere bederatzigarren lana. Elkar argitaletxeak jakinarazi duenez, diskoak “kantu eder, soil eta atseginak” biltzen ditu. Gipuzkoarrak duela zazpi urte argitaratu zuen aurreko lana, Erabil nazazu (2004).

Grabaketan, Pello Ramirez eta Arkaitz Miner, Erramun Martikorena, Eñaut Elorrieta eta Uxue Alberdi lagunak izan ditu aldamenean, besteak beste.

Grabazioak hiru ardatz izan ditu. Batetik, Markez bakarrik aritu da bere gitarra eta ahotsarekin. Bigarrenik, Pello Ramirez, biolontxeloarekin eta akordeoiarekin, eta hirugarrenik, Arkaitz Miner, biolin, mandolina eta gitarrarekin.

Horrez gain, aurretik aipaturiko kolaborazioak izan dira estudioan. Esaterako, Iñaki Salvadorrek pianoa jo du Hotza eta bikote zintzoa doinuan;  Uxue Alberdik eta Eñaut Elorrietak Hiri hartan izan zen kantuak abestu dute, eta Jean Phocasek teknikari lanak egin ez ezik, baxua ere jo du Urrutiminez-en.

Markezen hitzetan, bere jardunaren alderik garrantzitsuena transmisioa da. Denborak erakutsi dio bere ofizioan zubi lana egitea dela gauzarik funtsezkoena, alegia, aitzindariengandik hartzea eta gazteei ematea.

Mikel Markezek Erramun Martikorenarekin batera joko du azaroaren 20an, Donostiako Victoria Eugenian.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button