EMAKUMEA

Emakume gehiago zientzian

Donostia International Physics Center (DIPC), CIC nanoGUNE ikerketa-zentroa, Materialen Fisika Zentroa (CFM CSIC-UPV/EHU), CIC biomaGUNE, Biodonostia, Tecnun-Escuela de Ingeniería, Ceit, POLYMAT, Elhuyar, UPV/EHUko Informatika Fakultatea eta Eureka! Zientzia Museoak zientzia-programazio bateratua aurkeztu dute, mundu osoan ospatzen den otsailaren 11ko Emakume eta Neska Zientzialarien Nazioarteko Eguna ospatzeko.

Egun horretatik aurrera eta Donostian, hilabete osoan zehar egingo dira Emakumeak Zientzian 2021 ekimenaren ekintzak: tailerrak, hitzaldi publikoak, esperimentuak familian, bisita birtualak…ekintza horietako asko birtualki egingo dira osasun larrialdia dela eta.
Ekimenaren helburua da “zientzian diharduten emakumeen lana ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoak gizonezkoen kontua direlako ustea apurtzea eta neskek eta nerabeek zientziako ikasketak hauta ditzaten sustatzea”.

Otsailaren 8an hasiko da programazioa, Elhuyarren Emakumeak zientzialari erakusketa irekiko baita Eureka! Zientzia Museoan. Ostegunean, otsailaren 11n, Contagio (Steven Soderbergh, 2011) proiekzio berezia izango da, Itziar Perez Donostialdeko Osakidetzako kudeatzaileak aurkeztuta, DIPCk, Euskadiko Filmategiak eta Donostiako Zinemaldiak antolatzen duten Zinema eta Zientzia Zikloaren baitan. Otsailaren 13an, larunbata, saioa Bilboko Arte Ederren Museoan ere egingo da.
Ostiralean, otsailaren 12an, 18:00etan, Emakume zientzialariak atzo eta gaur zientzia-ekitaldia egingo da Eureka! Zientzia Museoan. Donostiako hainbat zentrotan lan egiten duten bost emakumezko zientzialari Eureka! museoko agertokira igoko dira. Hitzaldiak jende guztiarentzat izango dira eta streaming bidez jarraitu ahal izango dira. Asteburuan, otsailaren 20an eta 21ean, familien txanda izango da. Zientziaren izarrak jardueran, Elhuyarrek prestatutako emakumezko zientzialarien 12 kontakizunetatik abiatuta, zientzia-esperimentuak egingo dira familian Eureka! Zientzia Museoan emakume zientzialari edo zientziaren izar horien omenez.
Programazioan badira hezkuntza-jarduerak ere —online zein aurrez aurrekoak— zientziaren mundua haur eta gazteei hurbiltzeko eta emakume zientzialarien eginkizuna ikusarazteko. DIPC, CFM eta CIC biomaGUNE ikerketa-zentroak bertatik bertara ezagutzeko bisita birtualak ere antolatu dira.

Aurrez aurreko jarduera guztiak behar diren osasun neurriekin egingo dira.
parte hartzeko Emakumeak Zientzian 2021 webgunean eman daiteke izena.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button