MUSIKA

“Munduko Poesia Kaierak” bildumako ale berriak

Munduko Poesia Kaierak bildumako Christopher Okigbo (Karmen Irizar Segurolaren itzulpena) eta Edna St. Vincent Millay (Ana Moralesen itzulpena) antologiak aurkeztu ditu gaur Susa argitaletxeak.

Argitalpenen antolatzaileek itzulitako autoreen gaineko datuak bidali dizkigute. Christopher Okigbo XX. mendeko poeta afrikar handienetakotzat jotzen da. Ojoton (Nigeria ) jaio zen 1932an eta gazterik hil zen, 1967an, Nigeria eta Biafraren arteko gerran borrokan. Nigeriako literaturaren bultzatzaile nagusia izan zen Chinua Achebe eta Wole Soyinka idazle handiekin elkarlanean. Haren poemak kolore eta formen eztanda modukoak dira, narratibitatetik bainoago une jakinen marraztetik abiatzen direnak. Hor agertzen da ni poetikoaren inguru aberatsa; landaredia (izpilikua, irokoa, sandaloa…) eta animaliak (lehoiak, elefanteak, arranoak…), baina baita gizakiak ere, inguruko lagun eta senitartekoak. Poema aski modernista eta konplexuak dira asko, eta collage teknika erruz darabil. Irakurleak irudi festa baten erdian topatuko du bere burua maiz, zeinetan askotariko material poetikoak baliatzen diren, horietako batzuekin esperimentatuz gainera.

Beste aldetik, XX. mendeko ingelesezko poesia lirikoan maisu-maistren artean Edna St. Vincent Millayk leku berezia du dudarik gabe. Hogeita hamaika urte betetzerako Pulitzer Poesia Saria eskuratu zuen, sari hori lortu zuen lehenengo emakumea, eta Estatu Batuetako poeta entzutetsuenetakoa bilakatu zen. Poesia lirikoari jarraiki, ni poetikoaren sentimendu barnekoak agertzen dira Millayren poesian, edertasunez adieraziak betiere. Haren esku eta teknika poetiko paregabearen bidez ontzen ditu poesiaren historiako gai klasikoak, hala nola, amodioa, heriotza, haurtzaroa. Begirada feminista ere berezkoa du, baina aldarrikapen argi moduan bainoago hainbat gairen tratamenduan eta begiradan dago bere feminismoa. Bere garaiko beste zenbait poetaren aldean, forma klasikoagoak erabili zituen Millayk, nagusiki forma neurtu eta errimatuak baliatuz.

Kaierak ikusteko egin klik hemen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button