ESZENA

Arriaga Antzokiak “La lucha por la vida” obra estreinatuko du

Arriaga Antzokiak Madrilgo Teatro Español Antzokiarekin batera egindako koprodukzioa da La lucha por la vida obra. Bihar, otsailaren 17an, estreinatuko da, eta hilaren 26ra arte egongo da ikusgai.

La lucha por la vida Pio Barojaren trilogia bat da. Jose Ramon Fernandez antzerkigileak, 2011ko Literatura Dramatikoa Sari Nazionala jaso zuenak, obraren antzerkirako egokitzapena egin du, eta Antzerkiko Sari Nazionala jaso duen Ramon Bareak oholtzaratze ederra proposatu du, dinamismo handikoa eta hitza ardatz duena, irudimenaren pizgarri gisa.
Bareak zuzendari lanak eta aktore lanak uztartuko ditu, eta berarekin batera arituko diren Aitor Fernandinok, Olatz Ganboak, Ione Irazabalek, Itziar Lazkanok, Sandra Martinek, Alfonso Torregrosak, Leire Ormazabalek, Diego Perezek eta Arnatz Puertasek ia ehun pertsonaia hezurmamituko dituzte. Horrela, “Bareak Barojaren istorioaren muinera doan oholtzaratze bat hautatu du, istorioaren alderdi teatralera eta espiritura doana. Horrekin bat etorriz, Jose Ibarrolak diseinatutako agertokiak “gutxiago gehiago dela” erakusten du, eta antzezleen zerbitzura dagoen eszenografia praktiko baten aldeko apustua egiten du”. Horrez gain, Ibon Aguirreren ikus-entzunezkoak ere ikusgai izango dira, eta azpimarratzekoa da Adrian Garcia de los Ojosek konposatutako musika ere.

Piezaren ildo nagusia pertsonaia bat da: “Manuel Alcazar, Soriako mutiko bat, Madrilera doana, amak han egiten baitu lan zerbitzari gisa. Eta han, XIX. mende amaierako Madril asalduzko, liluragarri eta antagoniko hartan, bizitza-abentura bat hasten da. Pobreziak markatutako ingurune batean, hiri-kanpoaldean batez ere, gizarte-klaseen arteko desberdintasun nabariak dituen ingurune batean, Manuel gaztea bizitzeko erreferentzia moralak bilatzen saiatzen da, baina ingurune zakar eta gogor horretan kontrako eraginen aurka borrokatu behar du hasieratik”.
Labur esanda, La lucha por la vida heziketa-kontakizun gisa uler daiteke.

Ostiralean, otsailaren 17an, obraren estreinaldia izango da, 19:30ean. Asteburuan beste bi emanaldi izango dira, larunbatean, 18an, eta igandean, 19an, 19:00etan. Azken emanaldia 26an izango da; guztira zazpi emanaldi programatu dira.

www.teatroarriaga.eus helbidean dituzue emanaldien gaineko datuak.

Show More

Related Articles

Back to top button