BBK Mendi Film Bilbao Bizkaiak sustatzen duen Mendi Tour ekimenaren 14. denboraldia abian da, eta udazkenean makina bat herri bisitatuko ditu. Joan den urtean, guztira 31 hiri edo herritan 59 zine saio burutu zituen ekimenak.
Betiko legez, mendia, abentura, muturreko kirolak eta natura gaiak jorratzen dituzten puntako pelikulekin osatutako zine saioez gozatzeko aukera eskainiko du berriz Mendi Tour zirkuituak, Euskal Herritik abiatu eta Espainia osoa kurritzeko.
Datozen hitzorduetan ikusiko diren film batzuk hunkigarriak izango dira hein batean, adibidez, Kazuya Hiraide eta Kenro Nakajimaren Tirish Mirreko espedizioan oinarritutako Rope pelikula da Mendi Tourreko berezienetako bat, jada tributu moduan proiektatuko dena, joan den uztailean zendu baitziren bi mendizale japoniarrak K2 mendian.
Beste film batzuk honakoak izango dira: Seb Berthe eskalatzailearen Yosemiteko Captains on El Cap, Mikel Sarasola kayakerraren Zerbait aldatu da, Julen Elorzak zuzendutako La Gara, Jean-Michel Jordaren Everest Invaders, Luis Arrieta zinegilearen eta Xabier Zarranz mendi korrikalariaren 212 Mountains, Bartek Ziemski eskiatzaile eta alpinistaren The Silent Escape, Madaleine Sorkin eskalatzailearen Body of a line, edota, noski, Michael Dillon handiak zuzendutako The Great White Whale.
Gaur berton, Mendi Tour Bergarako Seminarixoan izango da 19:00etatik aurrera. Irailaren azken egunetan, 26an, Urnieta bisitatuko du. Eta urrian, Espainiatik ibili ostean, Getaria eta Markina-Xemeinen izango da. Azaroko saioak Sopela, Errenteria, Elgoibar, Basauri eta Andoainen egingo dira.
Informazio guztia: BBK Mendi Film Bilbao Bizkaia.