
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Artxiboak Memoria duten paisaiak izeneko proiektua abiatu du, eta argazkilaritza lehiaketa bat ere antolatu du. Aurtengo gaia Paisaia Industriala izango da. Ekimen honen bidez herritarrak Nafarroako azpiegitura industrialen ondare-balioaz sentsibilizatu nahi dira. Lanak aurkezteko epea irailaren 28an amaituko da.
Aurkezten diren argazkiek XIX. mendearen amaieraz geroztik Nafarroa eraldatzen eta paisaia aldatzen laguntzen duten edo lagundu duten lantegi edo azpiegitura industrialekin zerikusia izan behar dute. 18 urte baino gehiago dituen pertsona orok parte hartu ahalko du. Parte-hartzaile bakoitzak irudi bakarra aurkeztu ahal izango du, originala eta argitaratu gabea.
Gutun-azal batean argazkia bidaliko da, eta barruan ere, beste gutun-azal batean, egilearen datuak (izen-abizenak, NANa, helbidea, posta elektronikoa eta telefonoa) eta lehiaketara aurkezten den irudiaren kokapena (helbidea, udalerria…) agertuko dira.
Argazkiak originalak izango dira, argazki-paperean egindakoa, zuri-beltzean edo koloretan, gehienez ere 30 x 40 cm neurtuko dute eta markoztatu gabe egongo dira.
Lanak Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (Nabarreria kalea, 39 31001 Iruña) bertaratuta edo posta ziurtatuz bidalita.
Sariak epaimahaiaren balorazioaren arabera emango dira, eta haien erabakia apelaezina izango da. Lehenengoa: 900 euro; bigarrena: 400 euro, eta hirugarrena: 200 euro.
Informazio guztia hemen topa dezakezue.