
Pop-kulturaz mintzo den Pop Pilulak fanzinearen laugarren alea aurkeztuko dute gaur, maiatzaren 21ean, Bilboko San Inazio auzoko Euskararen Etxean, 19:00etatik aurrera. Musika, zinema, literatura edo arteari buruz irakurtzeko aukera edukiko dugu idazle ezberdinek idatzitako testuetan.
Laugarren alea zenbait dendatan zabaldu dute honezkero, eta bere edukietan bost kolaboratzaile berriren testuak jasotzen dira. Aritz Galarragak Maiztasun poemak idatzi ditu; Gotzon Hermosillak blues eta rhythm & blues musikarien zorigaiztoko bizitzak bildu ditu bere artikuluan (adarrak, mozkorraldiak, Little Willie John, Little Walter…); Txerra Rodriguezek Bilboko hormetako pintada eta graffitiak jorratu ditu Paretek isiltzen ez dutena artikuluan, eta Giorgio Bassmati musikari donostiarrak The Pastles pop banda eskoziarraren inguruko testua idatzi du, emozioz betetakoa; azkenik, Gorka Erostarbek David Thomas (Pere Ubu) musikari estatubatuarrari eginiko elkarrizketa sakon bezain interesgarria argitaratu du.
Aurreko aleetan idatzi dutenek ere agertuko dituzte euren lan berriak ere, eta besteak beste, Goizalde Landabaso, Julen Azpitarte, Yurre Ugarte, Iñigo Basaguren, Koldo Almandoz, Iñigo Bidetxea edo Xabier Sagardiaren testuak irakurri ahalko dugu.
Gainera, gaur, Euskararen Etxeko aurkezpenean Julen Azpitarte argitalpenaren arduradunak eta Yurre Ugarte kolaboratzaileak parte hartuko dute, eta Ane Zabala kazetariak solasaldia gidatuko du. Hizketaldiaren ostean kontzertu berezia izango da Xabier Montoia mitikoaren eskutik.