Baztanen jokatu da Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Baztango Udalak antolatutako Mariano Izeta euskaltzale eta bertsozale baztandarraren omenezko sariketa, hamaikagarrena.
Hamabi bertsolarik hartu dute parte bi kanporaketetan, Erratzun eta Elizondon, eta horietatik sei sailkatu dira finalerako. Elizondoko Intza ostatuan jokatutako kanporaketan, hain justu, Beñat Astiz, Endika Legarra eta Idoia Granizo izan dira sailkatuak; Erratzuko Zubi-punta ostatuko saioan, aldiz, Ekain Alegre, Ekhiñe Zapiain eta Mikel Lasarte sailkatu dira.
Sei horiek jokatu dute finala, afalostean, Elizondon. Lan guztiak amaitutakoan, Ekain Alegre izendatu dute txapeldun. Haren ostean sailkatu dira Ekhiñe Zapiain, Mikel Lasarte, Beñat Astiz, Idoia Granizo eta Endika Legarra.
Txapeldunaz gain, saioko bertso onenaren saria ere eman du epaimahaiak. Kasu honetan, Beñat Astizentzat izan da.
Bi sariak, txapela zein bertso onenarena, Ines Izetak, Mariano Izeta zenaren alabak, banatu ditu.