BESTELAKOAK

Sareinak Zarautzen 4. urtebetzea ospatzen

Sareinak bloga 2007an aurkeztu zuten Lekeition, feminismo literarioak jorratzeko asmoz. Lehendabiziko urteurrena Deustun ospatu zuten performance eta batukada artean; bigarrena, berriz, Oreretan, belaunaldi desberdinetako idazleei hitza emanez; hirugarrena ospatzeko Gasteizera joan ziren, eta bertan mahai-ingurua atondu zuten honako gai hauek aztertzeko: edertasuna, maitasuna, sexualitatea, intimismoa eta erotismoa.

Aurten, laugarren urteurrena beteko dute eta Zarautzen izango dira larunbatean, hilak 26, mahai-inguru literario-feminista eta afari goxoa egiteko xedearekin. Hala, 20:00etan, Ispiluarte galerian mahai-ingurua abiatuko dute. Amaia Lasa, Uxue Alberdi eta Iratxe Retolaza izango dira hizlari Komunitate kulturalak eta komunitate feministak izeneko gaia hizpide izango dutelarik.

Lau emakumek sortu zuten 2007an Sareinak bloga; Gema Lasarte, Josune Muñoz, Amaia Alvarez Uria eta Iratxe Retolazak. Honela dio euren manifestuak: “Gure sarea, gure literatura zulatuta nabaritzen dugu eta, gehienetan, emakumeen izenak, liburuak eta lanak amiltzen dira zulo horietatik. Beraz, sarein batzuek erabaki dugu jartzea eta konpontzen hastea. Badugu sarea, euskal literatura; badugu haria, kritika literarioa; badugu jostorratza, teoria feminista, eta, jakina, badugu gogoa, sarean sare aritzeko”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button