BESTELAKOAK

“Bidaiarien Txokoa” kultur ekimenez beteta dator

Abentura eta esperientzia ikaragarri ederrak dastatzeko programa da Bidaiarien txokoa. Urriaren 7an, 8an, 9an, 10ean, 14an, 15ean eta 16an hitzaldiak egongo dira, ikus-entzunezkoekin batera. Parte hartuko duten hizlarien artean azpimarratzekoak dira Kepa Acero surflaria, Alberto Iñurrategi mendizalea, Talur Elkartea edo Iñigo Iraultza García, besteak beste.

Hala, surfa, kirol horren aitzindarien ikuspegitik, adimen urritasuna duten pertsonen partaidetza oinez egindako 300 kilometroko ibilaldi handian, oso Olentzero bereziaren bizipenak mundu osoko hainbat lekutan, mendizale batek azken hamarkadan bizi izandako esperientzia, Elkanoren bidaia handiaren oroitzapena, umeei egindako gonbidapena bizikletaz munduari itzulia emateko edo ibiltari komunitatea ezagutzeko aukera egongo dira egitarauaren barruan onduta.

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatutako ekimena Begoñako Barrutian egingo da, eta goian aipatu bezala, egitarau potoloaren barruan erakusketa bat, hitzaldiak eta proiekzioak egongo dira. Horrez gain, musika, dantza eta gorputz adierazpena indar handiz nahasten dituen kaleko batukada ere egongo da (Munduari begira-Viajando en torno al globo), Kataluniako Brincadeira! taldearen eskutik, ostiralean, urriaren 4an (21:30etan), Santutxu auzoan, Basarrate plazatik La Zona delako ingururaino.

Aurten, Bidaiarien Txokoa ekimenaren hamargarren urteurrena betetzen da, eta antolatzaileek hori ospatu nahi izan dute. Hori dela eta, larunbatean, urriaren 12an, jai berezia ospatuko da Bilborock-en (20:00etan), eta bertan, Munduko Emakumeak Elkarteari esker, hurbiltzen direnek munduko hainbat lekutako janari gozoak dastatzeko aukera izango dute. Ekitaldiari amaiera emateko, Gibelurdinek taldearen musika emanaldia izango da.

Beste alde batetik, ostegunean, urriaren 17an, eta berrikuntza gisa, joan den urteko abenduan Bilbon ospatutako Mendi Film Festival izenekoaren azken edizioan eskainitako lanen erakusketa egingo da.

 

Noiz, zer eta norekin, hemen begiratu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button