ESZENA

“Luze edo Motz”, generoa umoregai hartuta

Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileek Luze edo Motz ikuskizuna eskainiko dute bariku honetan Berrizen, iluntzeko zortziretan.

Ikuskizun horretan generoa hartzen dute umoregai, eta horretarako hilekoa, menopausia, ligatzeko teknikak eta sexua izango dituzte hizpide, besteak beste, “kritika eginez, deseraikiz eta barre eginez bazterrak zirikatzen jarraitzeko bueltatu da bikotea!”

Honela deskribatu dute saioa: “Emakume bezala gure bizipenetatik eta egunerokotasunetik sortu ditugu bakarrizketa hauek. Bakean ikuskizunean lantzeke geratu zitzaizkigun gaiak hartu eta osatu dugu pieza berria, oraindik gauza asko esateko ditugula sentitzen genuelako. Gure gizartea genero kontuetan askotan motz geratzen dela ikusten dugu, edo aldaketak asko luzatzen direla sentitzen dugu, eta hortik dator izenburua. Bestetik, umorea genero gaiak lantzeko modu gozagarria eta eraginkorra dela ikusi dugu, eta bide horretatik jarraitu nahi izan dugu”.

Izan ere, beraien helburua jendea barrez jartzea dela azpimarratu dute, baina baita eragitea ere: “Umorearen bidez gai konkretu batzuez hitz egin nahi dugu, izan ere, emakumeen gauzak izateagatik askotan ezkutuan egoten baitira. Umorearen bidez gai hauek konpartitu, eraiki, deseraiki eta normalizatu nahi ditugu, eta hori egiteko umorea oso tresna eraginkorra da. Hori dela eta, bigarren ikuskizun honetan genero gaietan sakontzea erabaki dugu”.

2018ko martxoan, LANKUren laguntzaz, Bakean dagoena bakean utzi binakako bakarrizketa saioa taularatu zuten lehenbiziko aldiz eta orduz geroztik Euskal Herriko txoko ugaritan barrez jarri dute jendea, eskaini dituzten ia 200 emanaldietan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button