ARTEA

Kartoia, papera, guraizeak

Azpeitiko Kulturaz kooperatibak sormena babestu eta sortzaileen lana ikustera emateko ahaleginean, DOI erakusketa programa jarri du abian, eta programaren bigarren erakusketa antolatu du orain: Pello Ulazia Ibarzabal artistaren Kartoia, papera, guraizeak izenekoa. Maiatzaren 5era arte egongo da irekita Azpeitiko Foru Ibilbideko Udal Erakustokian.

Erakusketaren harira honako testu hau jaso dugu: “Artista bati bere bidea egiten laguntzea da gure zeregina, eta poza ematen digu gurean gustura dagoela jakiteak. Bere lan batzuk oparitu zizkigun, sarreran dauzkagu jarrita. Etxeko sarreran, alegia. Etxean sartu gintuztenean, 2020ko martxoan, garbi samar geratu zitzaigun bukatua zela ordura arte mundua ikusteko genuen modua. Nabarmen geratu zen, esaterako, gurpilak biraka jarraitzea zela eta dela beti helburua, ekonomia esaten diogun hori, gutxi batzuren aberastasuna eta gehienen miseria esatea ere balegokeena, ordea. Eta etxea, babesa zena ordura arte, itxitura ere izan daitekeela ohartu ginen. Kaxa bat. Nola ihes egiten da kaxa batetik, ezin denean inora joan? Ba kaxa deseraikita. Kaxa bat zer den pentsatzen hasita.
Eta horixe da Pello Ulaziak egin zuen ariketa. Lehendik ere bazekarren etxearen inguruko ikerketa estetiko bat, artearen funtzioaz eta artistaren konpromisoaz batera, eta bide horretan egindako beste urrats bat da Kartoia, papera, guraizeak.
Eskura zeuzkan materialak eta tresnak dira, edonork dauzkanak etxean. Batez ere seme-alabak dauzkazunean. Zenbat kaxa, zenbat paper, zenbat guraize sartzen dira etxean? Zenbat kaxa sartzen dira kaxa baten barruan? Zer da familia bat, ez bada bata bestearen baitan sartuz osatzen den matrioxka bat?
Pello Ulazia ez da ezkutatzen. Artista da, eta konpromisoz bizi du jardun hori. Ez du ezkutatzen nondik atera dituen collagetarako irudiak, ez du ezkutatzen zeinenak diren poesia bisualetarako erabilitako testuak, ez du ezkutatzen zer ekarri zuten kaxa horiek etxera.
Zorrotza da, eta printzipioak dauzka. Zorrotza izateak halakoak dakartza: jolasean ari da, baina jolasa serio hartzen du. Hala behar du, gainera: guraizeak zorrotzak hobe, gure bizimodua deseraikitzeko.
Ez da gauza haundirik behar: kartoia, papera, guraizeak. Eta artista bat.”

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button