
Landa-inguruneko arteen VIII. Jaia, Festikale, Zigoitian izango da uztailaren 9tik 18ra bitartean.
Festikale jaialdia jaiaren artea eta artearen jaia izan ohi da, eta originaltasun- eta garapen-potentzial dinamikoarekin dator.
“Orainaldi hau ospatzeko, elkarren arteko bakartze oro baztertzeko, ekintza artistikoan dena ematen duen komunitate baten dinamika sortzaile alaia indartzeko. Gure nortasun erkide sutsuenarekin, anitzenarekin eta baikorrenarekin lotzeko. Bakoitzaren esku dago nolakoa izango den Zigoitiko Arteen Jaia.”
Diogun moduan jaialdia uztailaren 9an abiatuko da Gonzalo Catalinas Gallegok eskainiko duen Butoh Dantza tailerrarekin. Tailerra hainbat egunez garatuko da, eta ostean, uztailaren 15ean, inaugurazio egunean, bestelako ikusgarrien emankizunak hasiko dira.
Hala, egun horretan, MG Producciones taldeak La cuadrilla de la TIA izeneko antzezlana egingo du, eta horren ostean, Korterraza ekimenak hainbat film pantailaratuko ditu.
Hurrengo egunetan pieza ikusgarriez gozatzeko parada egongo da, tartean, Kukai Dantzaren Hnuy Illa, Marie de Jongh taldearen Ikimilikiliklik, edota Deabru Beltzak taldearen Tambors de feu lan harrigarria.
Festikale 2021ko egitarau osoa hemen kontsultatu ahal duzue.