
Oraintsu hildako Lou Reed musikari estatubatuarra omenduko dute Izar&Star zikloaren laugarren edizioaren baitan, 2014ko urtarrilaren 10ean, Bilboko Kafe Antzokian, Lou Reed. Perfect Night In Kafe Antzokia izenburupean; ziklo horretan talde batek bere artista edo disko kutuna hartu eta zuzenean moldatzen du.
Kontzertu berezi horretan, hain zuzen ere, hainbat musikarik parte hartuko dute: Sonic Trash, We Are Standard, Rafa Berrio, Mursego eta Hermana Raya (Atom Rhumbako Rober! eta Lisaböko Karlos Osinaga) musikariok propio prestatutako emanaldia egingo dute. Musikari horiekin batera, Kirmen Uribe idazlea ere izango da.
Emanaldiaren ostean, gainera, festa egingo da goiko solairuan New York City Rocks! lelopean: Ignacio Julia musika-kazetari bartzelonar ezaguna (Ruta 66, El Pais eta Rock De Lux hedabideetan aritzen da) Sagar Handiko rock doinuak zabaltzen izango da, Edu Ranedorekin, (Ruta 66 aldizkariko kazetari bilbotarra) eta Iñaki Orbezuarekin (Bilboko Spring eta Hanky Panky diskoetxeen arduraduna) batera.



