ARTEA

Ibrahima Kébé artista senegaldarraren obrak ikusgai Bilbon

 

Afrikako arte beltzean espezializaturiko Bilboko Kalao aretoan Ibrahima Kébé artista senegaldarraren margolanak paratu dituzte. Bere herrialdeko naif adierazpidearen ordezkari nagusienetakoa da. Egunerokoa partekatzen lelopean aurkeztu dute erakusketa eta maiatzaren 5era bitartean zabalik dago.

Kébé artistaren belaunaldiak lehendabizikoz lortu zuen ikasketa akademikoak jasotzea Afrikan 70eko hamarkadan Kongoko Pierre Lods irakaslearen eskutik. Artista senegaldarra ere irakaskuntzan aritu zen hogei urtez, haur eta bigarren hezkuntzan. Azkenik, baina, hezkuntza utzi eta pinturan baino ez jardutea erabaki zuen.

Bere lehenengo obrak Dakarren erakutsi zituen 1982an, eta 90eko hamarkadatik aurrera Europan ere ezagun egin zen. Izan ere, hainbat herrialdetan egin ditu erakusketak, tartean, Suitzan, Belgikan eta Alemanian.

Bilboko erakusketan, halaber, Kébéren Reconciliation animazio lana estreinatu dute, baita iazko abenduan artistaren tailerrean jasotako erreportajea ere, Kébé et le chat.

 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button