ARTEA

Aztarnategi anarkeologikoa

Ixone Sadaba Toki honetan 138 aldiz erakusketa aurkeztu du Bilboko Rekalde Aretoan. Bihartik, urriaren 10etik, datorren urteko urtarrilaren 14ra bitartean ikusgai izango da.

Euskara eta Kulturako  diputatu Lorea Bilbaok aurkeztu du gaur goizean Rekalde Aretoan, Ixone Sadaba artistaren Toki honetan, 138 aldiz/En este lugar, 138 veces titulua duen erakusketa. “Emakume artistek duten talentua eta egiten duten lan aparta erakutsi nahi dugu hauek bezalako erakusketen bidez. Aurrekoan, Isabel Garay eskultorearen lana izan zen hemen, eta honen ostean, Miriam Ocariz diseinatzailearena etorriko da”, azpimarratu du Euskara eta Kulturako  diputatu Lorea Bilbaok.

Munduan zehar ibili den artistak jarri du bere hirian orain erakusketa oso interesgarri bat, eta horren bidez,  “Rekalde Aretoan bisitariek biziko duen esperientzia berria eta benetan berezia izango da. Espazio honetako hormek hitz egingo dute, Aretoak duen historia, hobe esanda urte hauetan guztietan bizitako historiak eta erakusketak biziko ditugu berriro Ixoneri esker.”

Artistak esan du biolentziaren trataera  interesatzen zaiola, gorputzari egiten zaion biolentzia, biolentzia ikusiezina, eta nola irudiak biolentzia hori narratzen duen;  gezurra eta fikzioaren arteko mugak eta ezberdintasunak, masaren informazioaren deskronstrukzioa,….

Aretoa bera eraldatu du erakusketaren beste pieza bat, beste gorputz bat izango balitz bezala eta horretarako hainbat horma bota eta berreraiki ditu artista bilbotarrak. Nolazpait aztarnategi anarkeologiko bat sortu du, “non gauza batzuk falta diren, non gauza batzuk desagerrarazi  dituzten”. Hortaz esan daiteke aztarnategi garaikidea egin duela artistak.

Berarekin egin dugun bisitaldian ikusi ditugu bideoak, argazkiak, posterrak, eta albistez beteriko egunkari metak, eta horma botata, eta egunkariekin eginiko oreak, testuak, diapositibak,….

Sadabak (Bilbo, 1977) toki askotan erakutsi du bere lana: Guggenheim Bilbao Museoa, Madrileko Sofía Erregina, MUSAC (Leon), MoCCa Contemporary Art Museum (Toronto) eta Museum of Contemporary Art (New Orleans). Aldi berean ohiko erakusketak egiten ditu Bilbo Espacio Marzana-rekin eta Madrilen Michel Soskine-rekin. Gaur egun erakusketa bat dauka Bartzelonan Tasneem Gallery-rekin.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button