
Literatura Unibertsala itzulpen-lehiaketan lanak aurkezteko epea apirilaren 14an amaitu zen. Literatura Unibertsala bilduma osatzen jarraitzeko, aurtengo deialdian hiru liburu hautatu dira: Maria Mercè Marçal, La passió segons Renée Vivien; Irmgard Keun, Nach Mittternacht; eta Hanan al-Xaikh, Misk al-ghazal.
Dakikezuenez, deialdian Itzultzaile profesionalak zein hasi berriak izan daitezke lehiatzaile. Nolanahi ere, aurreko urteko lehiaketan itzulpenen bat esleitu zaien itzultzaileek ez dute parte hartzerik izango.
Epea behin itxita, Juan Garzia Garmendiak, Joxe Mari Berasategi Zurutuzak eta Inazio Mujika Iraolak (Eusko Jaurlaritzak, EIZIEk eta Erein – Igela argitaletxeek izendaturik, hurrenez hurren) osaturiko epai-mahaiak aurkezturiko proiektu guztiak aztertu eta gero, itzultzaile hauei esleitu zaie Literatura Unibertsala bildumarako liburuen itzulpena: Joannes Jauregi Benavides. La passió segons Renée Vivien (Maria Mercè Marçal); Santi Leoné Puncel. Nach Mitternacht (Irmgard Keun); eta Irene Barrio Solé. Misk al-ghazal (Hanan al-Xaikh).



