ESZENA

Pieza eszeniko ibiltari eta berezia estreinatuko du Parasite Kolektiboak, Gasteizen

Parasite Kolektiboa konpainia gasteiztarrak Ibili Ganbaran proiektuari esker sortutako ikuskizun berezia eskainiko du datorren uztailaren 4an, 5ean eta 6an, Alde Zaharreko kaleetan barrena. Emankizunak, 19:00etan Baratza aretoan hasita, Montehermoso Kulturunean amaituko dira.

Estreinatuko den ikuskizuna, pieza eszeniko ibiltari bat da, Ibili Ganbaran bitartekaritza artistikoko proiektuarekin, lehen sei hilekoan Parasite Kolektiboak eta auzoko bizilagunek elkarrekin egindako ekimenaren emaitza.

Hala, konpainiako kideek sormen kolektiboko prozesu bat gidatu dute eta topaketa eta lantegien bitartez, herritarrak, banaka edo taldetan, protagonista izan dira, auzoaren testuinguruari lotutako oroimenaren inguruko materialen bilketan parte hartuz.

Era honetan, sormen prozesu kolektiboko emaitza bikoitza izan da. Batetik, pieza eszeniko ibiltari bat, bildutako materialaren gaineko ikerketa eta sormen-lanaren emaitza,  Baratza Aretoan konpainiak zuzentzen duen Sormen eszenikoko Laborategian osatua. Bertan,  paseatzearen, nora gabeko ibiliaren eta nora ezaren ideiak dira ardatz. “Antzezlana, ez da produktu artistiko huts gisa pentsatua izan, hiriko oinezkoak desautomatizatzeko tresna gisa baizik.  Artistez gain, publikoa bera izango da hiriaren eguneroko bizitzan tartekatuko den adierazpen artistikoaren osagarri”, azaldu du kolektiboak.

Eta bestalde, proiektuaren  harira, erakusketa bat egingo da Montehermoso Kulturunean.  Bertan, esperientzia eta ekimenaren lan prozesura nolakoa izan den erakutsi nahi du konpainiak. Erakusketa, uztailaren 5ean, ostiralean, inauguratuko da, eta abuztuaren amaierara arte bisitatu ahalko da.

Informazio guztia, montehermoso.net web atarian duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button