LITERATURA

Literatura: bakardadearen leku jendetsu hori

Titulu berezi horrekin egingo da Bilboko Bidebarrieta Kulturgunean Literaturarekin elkarrizketak XXI. mendean izeneko saioa, non Iban Zaldua eta Ana Malagon idazleek parte hartuko duten. Hitzordua gaur, irailak 17, izango da, 19:00etan. Yolanda Mendiola ETB1eko Artefaktua saioko zuzendariak moderatuko du euskarazko topaketa hau.

Hitzaldian, gai hauei buruzko iritziak haizatuko dituzte idazleek: “ipuinak bere jarduera literarioan duen garrantzia, errealismorako eta literatura fantastikorako dituen ikuspegiak, eta bien sormen-prozesua. Halaber, gogoeta egingo da pop kulturaren eraginaz, ironiaren erabileraz eta bakardadearen eta literatur sorkuntzaren arteko harremanaz. Gainera, gaur egungo euskal literatur joeretan ipuinak duen lekua aztertuko da”.

Iban Zaldua ipuinaren eta istorio laburren arloan nabarmentzen den idazle donostiarra da. Hainbat eleberri eta saiakera ere argitaratu ditu, euskaraz zein gaztelaniaz. Bereak dira, besteak beste:  Gezurrak, gezurrak, gezurrak (Erein, 2000); Traizioak (Erein, 2001); La isla de los antropólogos y otros relatos (Lengua de Trapo, 2002); Itzalak (Erein, 2004); Etorkizuna (Alberdania, 2005); Gerra zibilak (Argia, 2009); Idazten ari dela idazten duen idazlea (2012, Elkar);  Nola izan garen gauza (2021), edo Ipuina engainua da (2022, Elkar).

Ana Malagon idazlearenak badira Lasai, ez da ezer gertatzen (Elkar, 2014), Gelditu zaitezte gurekin (Elkar, 2017), eta Ez dakit zertaz ari zaren (Elkar, 2021) lanak. Idazlea zerbitzu digitaletan aditua da. Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Iruñan eta produktu eta zerbitzu digitalak diseinatzen ditu.

Bidebarrieta Kulturguneak dauka informazio guztia.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button