
Anatomia bertikalak poema-liburua Balea argitaletxeak kaleratu du, eta bertako kideek lan horren gaineko ondoko lerroak bidali dizkigute: Anatomia bertikalak minari buruzko poema-liburu gordina da, erraietatik idatzia eta irudi eta metafora harrigarriak barnebiltzen dituena. Liburu landua, iluna eta argitsua da aldi berean, sakona eta ausarta, mozorrorik gabekoa. Hainbatetan zuzentasun politikoari iskin egiten diona. Jostorratzak, ilargia, aingeruak, zaldiak, aldare torazikoak, Heimlich maniobra edota lore zitrikoak jartzen ditu dantzan ebakuntza-mahaiaren gainean. Ez ohiko liburua, inondik ere.
Lierni Azkargorta Ruiz de Eginok (Lazkao, 1979) Erizaintza eta Fisioterapia ikasketak egin zituen Donostia eta Zaragozako Unibertsitatean, eta erizaina da. Idazteari oso gazte zelarik ekin zion, eta hainbat literatur lehiaketetan saritua izan da. Bere lehen poema liburua argitaratua du: Eripoemia (Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Saria, Denonartean, 2021).