LITERATURA

Liburuaren eta Egile Eskubidearen Munduko Eguna

Nafarroako liburutegi publikoek bat egingo dute gaur, hilak 23, ospatuko den Liburuaren Eguneko jaiarekin. Hogeita hamar jarduera baino gehiago antolatu dituzte era guztietako publikoarentzat.
Aurten Maria Moliner liburuzaina, lexikografoa eta Diccionario de uso del español hiztegiaren egilea omenduko da, haren jaiotzaren 125. urteurrenean.

Dakizuenez, Liburuaren eta Egile Eskubidearen Munduko Eguna 1995ean ezarri zuen Unescoren Konferentzia Orokorrak. Apirilaren 23an ospatzen da, eta Cervantes, Shakespeare, Vladimir Nabokov eta Josep Pla idazle ospetsuen jaiotza edo heriotza data da. Hortaz,  jardunaldi honen helburua irakurzaletasuna sustatzea, egileen figura ezagutzea eta herrialde bakoitzeko argitaletxeen industria indartzen saiatzea da.

Liburutegiek antolatutako proposamenen artean, Nafarroako egileekin topaketak, liburuen aurkezpenak, mahai-inguruak edo erakusketak daude. Euskarazko irakurketak, ipuin-maratoiak eta ahozko narrazio-saioak egingo dira, bai eta haurrentzako edo familientzako tailerrak ere.

Bilboko Udalak Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko du Emakumeen Plazan. Ekitaldian parte hartuko dute Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Berdintasun eta Jaietako zinegotzia eta Kultura Zinegotzi Ondokoak, Asier Muniategi Euskadiko Liburu Ganberako azoken arduraduna, Javier Cámara Bizkaiko Liburu Denden Elkarteko presidenteak eta Garazi Albizua eta Itxaso Martin Zapirain idazleek.
Emakumeen Plazan hainbat etxola daude eta bertaratzen direnek azken nobedadeak eta beste liburu batzuk erosi ahal izango dituzte, eta bertan ere egun honetan hain ohikoak diren loreak banatuko dira.

Euskal Idazleen Elkarteak hausnarketarako lerro hauek bidali ditu: “Garai aztoratu hauetan zer eskain diezaguke literaturak? Horixe da literaturaren mundura jauzi egin ez duenak literaturazale bati galdetzen diona, maiz.
EIE elkartetik beste galdera bat luzatu nahi dugu Liburuaren Nazioarteko Egunean: zein errealitate eskain diezaguke literaturarik gabeko munduak? Non aurkituko dugu abagunea bestelako bizitzak ezagutzeko, osterantzeko errealitateak jasotzeko, hunkitu eta ukituko gaituzten istorioak aurkitzeko? Gizakia gizaki denetik istorioak kontatu dizkiogu elkarri, eta lerro hauetatik istorio zaharberriei heltzeko gertu gaudela esan nahi dizuegu. Istorio bat non, gu han.
Literaturarik gabeko mundu bat, ez baita gure mundua”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button