BESTELAKOAK

Nafarroako Komiki Azoka hil osoan

Nafarroako Komiki Azokak XVI. edizioa irailaren 1etik 24ra izango da Iruñean eta Lizarran. Betiko legez, publiko guztientzako makina bat jarduera antolatu dira: mahai-inguruak, tailerrak, bisita gidatuak, muralak, erakusketak, topaketak artistekin, liburu-sinatzeak, auto-edizio azoka eta bigarren eskuko azoka. Aurten proposamen berriak ondu dira: marraztutako erakusleihoak, konferentzien irudikatze grafikoak eta portfolioen erakusketa bat, sortzaileek beren proiektuak aurkez ditzaten.

Horrez gain, 11 erakusketa izango dira bost lekutan, eta horien artean, Lizarrako Fray Diego Kultur Etxean paratu dutena interesgarria da: Non gogoa… komikiari buruzkoa. Bertan, 1983 eta 1984 urteen artean Javier Minak eta Pedro Osesek mendizaletasuna sustatzeko Habeko Mik aldizkarian plazaratutako istorioak biltzen dira.
Era berean oso interesgarria izango da Zart! aldizkariaren edizio berria. Aldizkari horretako egileek edota berarekin nolabaiteko zerikusia dutenek egindako ekarpenak biltzen dituen antologia da. Orain arteko zenbakietan 110 egileren lanak argitaratu dira. Izen handiko egileen lanak biltzeaz gain, Zart! egile berrientzako plaza ere bada, sortzaile gazteei publikatzeko lehenengo aukera eskaintzen baitie. Asteazken honetan aurkezpena egingo dute.

Ekimen guztien gaineko informazio zehatza Nafarroako Komiki Azokak dauka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button