Atrio Projects AlhóndigaBilbaok sortzaile berrien alde eginiko ekimen berezia da, urte osoan zehar gauzatuz joan dena, izan ere, “leku irekia da hiritar guztientzat, gizarte- eta kultura-mugimendu garaikideentzat, forma berri artistikoak deskubritzeko”.
Bere egitarauaren barruan 13 ekitaldi antolatu dira urte honetarako: performanceak, kontzertuak, dantza garaikidea, bideo-instalazioak, sentsore aniztun jokoak, abangoardiako eszenografia,… eta bertan ikusle eta teknologia berriak dira gako printzipalak.
Hala, uztailaren 1etik aurrera Yolanda de los Bueisen El archipiélago interno. Distancia y Lugares Unívocos joko-instalazio proiektua garatzen ari da. Berez hiriak ulertzeko moduan oinarritzen da ekimena.
Alondegiaren webgunean honelaxe azaltzen da: “Smart phone baten laguntzaz ahots batek publikoa gidatuko du Kulturen Atariko eszenografian irudikatutako zenbait hiritan zehar. Hainbat zutabek QR kodea izango dute dagokien mezu eta argibide zehatzekin. Jokalariek kontatzen dietenaren ikusle izateko edo bidaian murgildu eta beste dimentsio batzuk aurkitzeko aukera izango dute.”
Aste osoan zehar ikusteko eta aritzeko abagunea duzue, 8ra bitartean, hain zuzen ere.