
Umorezko Literaturaren eta Artearen V. Nazioarteko Jaialdia da Bilboko Barrea. Gaur goizean, jaialdi berezi horren xehetasun guztiak eman dituzte Juan Bas idazlea eta Bilboko Barrea jaialdiko zuzendariak, Ibone Bengoetxea Bilboko Udaleko Kultura zinegotziak, Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendariak eta Gorka Martinez BBK Fundazioko zuzendariak.
Ate joka dago V. Bilboko Barrea, izan ere, urriaren 2tik 12ra bitartean gauzatuko da Bilboko hainbat espazio kulturaletan (BBK Aretoa, AlhóndigaBilbao, Campos Eliseos Antzokian¡, Metroko geltokiak, Erriberako merkatua eta abar).
Aurtengo edizioan, Julian Barnes hizkuntza ingeleseko narraziogilerik handienetakoa izango da gonbidatu nagusia, eta BBK Bilboko Barrea 2014 Saria eman egingo zaio.
Beste aldetik, Bilboko Barreak literatura, umore grafikoa eta zinema arloetako maila goreneko egileak elkartuko ditu, tartean, Echenoz eta Emmanuel Carrere, Luis Goytisolo, Isabel Coixet, Ocho apellidos vascos filmeko Borja Cobeaga eta Diego San Jose gidoigileak, Forges marrazkilaria, Lionel Shriver idazle iparramerikarra, Juan Villoro mexikarra, Martin Caparros argentinarra, Ignacio Echevarria eta Antonio Orejudo espainiarrak, Gallego y Rey marrazkilari-bikotea, Juan Manuel Serrat kantautorea, Goyo Jimenez bakarrizketalaria eta abar.
Diziplina ezberdinetako kideen arteko elkarrizketak dira jaialdi honetako programaren oinarria, eta hala, goian aipaturiko asko bikoteka ikusiko ditugu umoreaz eta literaturaz berba egiten. Echenoz eta Emmanuel Carrere idazleek aparteko kasua osatuko dute, izan ere, idazle handi biak lagunak diren arren, lehen aldiz elkartuko dira solasaldi batean.
Kanpotik etorriko diren aditu horien guztien artean, euskarazko proposamenik ere badago: Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio bertsolariek elkarrizketa umoristiko bat egingo dute urriaren 3an, Bertsoa eta umorea izenburupean. Umorea bertsolaritzaren izate osagarri oinarrizkoa da. Zera da baina umorea bertsoan? Noiz eta nola gertatzen da? Zer elementuk funtzionatzen dute, eta zergatik?
Egunez eguneko programazioa eta bestelakoak ikusi nahi badituzue: www.larisadebilbao.com