
Pop eta rock independentea ardatz duen Donostikluba egitaraua bihar hasiko da Layabouts, Los Coronas eta Arizona Baby talde espainiarrek eskainiko duten emanaldiarekin. Kontzertua Gazteszenan izango da, 21:00etan.
Layabouts 2005eko urrian eratu zen Madrilen. Laukoteak gitarra biziak maite dituen pop-rock independentea jorratzen du. Hala, doinuetan gitarra riffak eta melodiak uztartzen dira.
Madrileko Los Coronas, bestalde, Espainiako eta Europako surf talde onenetarikoa da. Bere rock instrumentalaren jarraitzaileen artean rock zein surf zaleak daude. 1991. urteaz geroztik, hainbat disko eta kontzertu egin dituzte. Euren eraginak klasikoak dira, tartean, Duane Eddy, Link Wray, Dick Dale, eta Ventures. Taldekideen artean Sex Museum banda ezaguneko musikariak daude.
Los Coronasek Valladolideko Arizona Baby hirukotearekin hasi zuten bide komuna aspaldi. Hala, elkarrekin bira egin ez ezik, disko bat ere argitaratu dute erdibana. Arizona Baby 2003. urtean eratu zen eta 2005ean Songs to Sing Along lan arrakastatsua argitaratu zuen. Country kutsuko rock klasikoa jotzen du formatu akustikoan.
Donostiklubak urriaren 8ra bitarte iraungo du eta Señor Chinarro, Clem Snide, Muy Fellini, Nacho Vegas eta Love of Lesbian artistek parte hartuko dute, besteak beste.
Egitarau osoaren xehetasun guztiak hemen.