ESZENA

“Lautan Hiru” antzerki-jaialdiaren laugarren edizioa aurkeztu dute

Lautan Hiru jaialdiaren laugarren edizioa izango da aurten. Betiko legez, Bilboko Udalak babesten du jaialdia, eta Euskaltzaindiak Cafe Bar Bilbao, 7Katu gaztetxea eta BIRA Kultura eragileekin batera antolatu du egitaraua.
Aurtengo edizioa lau ostegunetan izango da (otsailaren 3an, 10ean, 17an eta 24an), eta guztira 11 emanaldi eskainiko dira; umeentzako txotxongilo tailer bat ere bai.

Gaurko aurkezpenean, Adolfo Arejita Euskaltzaindiko idazkariak “Jaialdi honek plazak eskaintzen dizkie antzerkilariei, eta euren lana hauspotzeko aukera” esan du.  “Berezkoa du Euskaltzaindiak elkarlana, eta egitasmo honek erakusten du, hain zuzen, Akademiaren gogoa eta lan egiteko modua, erakundeekin eta kultur eragileekin batera antolatzen dugulako antzerki jaialdia. Hortik datorkio, baita, orain arte izan duen arrakasta”.

Gehienbat, formatu txikiko lanak antzeztuko dira Lautan Hiru jaialdian, oro har, 15-40 minutuko piezak izango dira, eta lau agertokitan antzeztuko dira: Euskaltzaindiaren egoitzan, BIRA Kulturan; Cafe Bar Bilbaon; eta 7Katu gaztetxean.

Programazioaren barruan Mamiak kolektiboaren eta Josune V. Mendizabalen Ogiak hizketan baleki pieza, Kaitin Allenderen Artistak eta kazetariak 1.0; Piszifaktoria Ideien Laborategiaren Noiz utziko dio euria egiteari lana, edota Jon Ander Urrestiren Tribis baserri galdue obra ikusteko parada egongo da, besteak beste.

2020an, Euskaltzaindiak antzerki-ekoizpena sustatzeko laguntza berria sortu zuen. Aurten Les Bobe Bobe konpainiak jaso du laguntza, Udaberria heldu da lanagatik. Pieza hori otsailaren 24an estreinatuko da, 7katu gaztetxean.

Edizio honetako programazioa umeei begira ere jarri da¡, eta otsaileko lehen osteguneko saioa beraientzat egingo da. Otsailaren 3an, txotxongiloen tailerra egingo da 7Katu gaztetxean, Zurrunka konpainiaren eskutik. Bi txandatan egingo da (17:30ean eta 18:30ean), eta txanda bakoitzean 12 ume sartuko dira.

Informazio guztia Euskaltzaindiak dauka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button