LITERATURA

Borrokalari transgeneroak

Borrokalari Transgeneroak izeneko liburua aurkeztuko dute bihar, otsailak 2, 19.30ean, Iruñeko Karrikiri Elkartean. Autorea Leslie Feinberg idazlea da, eta Fermintxo Zabaltza itzultzaile lanetan aritu da.

Karrikiritik bidali diguten oharrean idazlearen iritzi argigarri batzuk irakur daitezke: “Borrokalari transgeneroak ez da transen historia osoa eta zehatza, ezta trans mugimendu modernoaren jaiotzaren eta garapenaren historia ere. Aitzitik, begirada berri bat da sexuak eta generoak historian izan duten lekuaz, eta klasearekin, naziotasunarekin, arrazarekin eta sexualitatearekin dituzten erlazioez. Gizarte guztiek onartu al dituzte bi sexu bakarrik? Beti egon al dira hain gaitzetsiak sexuaren eta generoaren mugak gurutzatu dituztenak? Zergatik dira legeen gaia sexu-berresleipena eta cross-dressinga? Baina nola topa ditzaket galdera horien erantzunak baldin horrek eskatzen badu barneratzea gizarte dibertsoetan, non sexuaren eta generoaren kontzeptuak aldatzen diren, denboran, dunetako harea bezala? Eta ikertzaile transgenero zuria naizen aldetik, nola saihets dezaket neronen interpretazioak eranstea zapaldutako nazioen kulturei?”

Liburuaren hitzatzean Kattalin Miner idazleak honakoa dio: “Hitz hauek 1996ean idatzi zituen Leslie izeneko transgenero honek eta, horrek berak ere perspektiba nahikoa ematen du irakurketak errebisatzeko. Sarri, bere esaldi borobil askoren aurrean neure burua ikusi dut duela hamarkada pare bat idatzitakoek gaur egun duten pertinentzia berresten. Transfobia ez da XXI. mende politikoki asaldatu honetako asmakizuna; borroken arteko mailakatzea ez da gure garaiko ezkerraren arrisku eta mamu berria; feminismoen eta LGTBI borroken joan-etorriko harremanak ez dira gaurko gatazkak”.

Leslie Feinberg AEBetako idazle, kazetari eta industriako langilea izan zen, bai eta anti-arrazista, judu sekularra, transgeneroa, lesbiana, komunista iraultzailea eta transgeneroen askapena kontzeptu marxistaren teorizatzailea ere. Lau saiakera eta bi eleberri argitaratu zituen.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button