LITERATURA

“Landura”, Jose Luis Otamendiren poesia lana Susa argitaletxearen eskutik

“Euria egiten bizi, euria egiten bizi. Landura izatearen lokatzetan arakatzen du Jose Luis Otamendiren poemategi berriak. Mundu zahar baten amiltzea haztatzen du poetak eta behin asmatutako etorkizun puskez eta bizi duen sasoiaz itaundu; noren alde ari den jendea lanean non, zerk egiten duen jendea herri, aspaldiko hitzetatik zeinek balio duen elkar ferekatzeko gaur. Gauza txikien uxarrean dabil —ahoan gerezi hezur bat—, samurtasunaren azal gordinez”.

Horrelaxe laburbiltzen du Susa argitaletxeak Jose Luis Otamendiren azken lana. 96 orrialdeko lan honetan, irakurleak 47 poema aurkituko ditu. Berton, aldi baten amaieraren sentipenaz, edota pertsonala eta kolektiboa uztartzeko zailtasunaz aritu da, besteak beste, poema liburu berrian.

Lanketa ezberdinetako poemak guztiak jarraian topatuko ditu irakurleak, ez ataletan banatuta. Hala, 5 poemek ez dute  hogei lerrorik, beste 7 lanek 25 lerro ingurukoak dira eta gainerako 35ak luzeagoak.

Gaitegi aldetik ere aniztasun handia dago. Lan batzuk itxialdi garaian idatzitakoak dira baina idazleak argitu duenez, “ez da pandemiari eskainitako bilduma”. Halaber,  gai asko nahasten ditu Otamendik testuetan, besteak beste ziurgabetasunaren inguruan hitz egiten digu; edo iragana hobea zenaren zama azaleratu nahi du; edota egun bizi ditugun mehatxuen inguruan ere hitz egiten digu.

Xabier Ganzarainek egindako liburuaren azalak ere ideia eta pertzepzio horiek guztiak islatzen saiatzen da: sarez bildutako etxerena aurrealdea, ilusioa baino ez den itxurazko segurtasuna islatu nahian.

Jose Luis Otamendi (Azpeitia, 1959) idazlearen bederatzigarren lana da Landura. Poesia da bere ohiko estiloa. Hala, Susa argitaletxearen eskutik kaleratutako beste poesia lan batzuen artean ditugu Disoluzio agiriak (2019); Kapital publikoa (2014); Erlojuen mekanika (2007); edota Poesia kaiera (2000). Narrazioan, aldiz, lan bakarra aurkituko dugu: Euri kontuak,  1999.urtean argitaratutakoa.

Landura azken lan honen nahiz idazlearen inguruko informazio gehiago, Susa argitaletxearen web orrialdean aurkituko duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.