
Jinhee Kim izeneko irakasle korearrak Txinako eta Japoniako kaligrafiari buruzko ikastaroa zuzenduko du otsailaren 2tik 26ra bitarte, BilbaoArte zentroan.
Zentroaren arabera, ekialdekoen aburuz, kaligrafia pintura edo eskultura bezain garrantzitsua da; haien iritziz, izan ere, jardun “sakratua eta gorena” da. Milaka urteetan gorde den adierazpide-esparrua da, batik bat Txinan, Japonian eta Korean.
Ikastaroa interesa duen orori zuzenduta dago, eta partaideek oinarrizko ezagutzak eskuratuko dituzte. Horrekin batera, ikaslea ekialdeko mistikan ere murgilduko da: “Txinako kaligrafia idaztea errituala da, energiaren zirkulazioaren poema musikala. Prozesu osoa unibertsoaren transmisioa da, azken trazura arte. Idatzi baino lehen, meditazioak burua purifikatzen du, eta erritualak energia eskuratzeko prest jartzen du”.
Irakasleari dagokionez, Jinhee Kim Seulen ikasi zuen kaligrafia, eta Arte Ederretan lizentziaduna da Madrileko Complutense Unibertsitatean. Artista ere bada; zenbait erakusketa kolektibotan parte hartu du.
Informazioa osoa: bilbaoarte.org.