EZLEKUBAT

Jazzaren hiltzailea

Ornette Coleman (Fort Woth, Texas 1930) jazz musikari beltza jazzak eman duen musikari apurtzaileenetarikoa da. 50eko hamarkadako amaieran kritika gogorrak pairatu zituen, lotsagabe eta harro erakutsi zuen heterodoxia musikala dela eta: jazz estiloaren erailea zela egotzi zioten. Delitua: Lester Koening ekoizlearekin eta Contemporary jazz zigilu klasikoarekin bi disko iraultzaile grabatzea: Something Else!!!!:The Music of Ornette Coleman eta Tomorrow Is the Question!. 

Colemanek jazz ortodoxia txikitu eta free-jazz estiloa sortu zuen. Inprobisaziotik abiatuz, eredu harmonikoak eta melodiaren kontzeptua suntsitu zituen. Metrika erritmikoa irauli zuen eta bere musikariek askatasun osoz jotzen zuten. Libertate horren adierazle Free Jazz (A Collective Improvisation) Atlantic 1960 lana da, non bi laukotek batera inprobisatzen duten eta bakoitza estereo kanal banatik entzuten den. 

Jazz berritzailearen gailurra The Shape of Jazz to Come Atlantic 1959 da. Atlantic-ekin grabatu zuen estreinako lana da eta bertan abangoardiako jazzaren genesia biltzen da, baina melodia nabarmenduz. Coleman-en saxofoi altuak melodiaren bitartez bilatzen du askatasuna. Maisulanaren une gorena, diskoa irekitzen duen Lonely Woman klasikoa da. Frank Zappak esan zuen musikaz idaztea, arkitektura dantzatzea bezala dela; Colemanek arkitektura osoa deuseztatu eta eraikin kolosala egin zuen. 1959 eta 1960 urteak bitartean grabatu zituen bere ibilbide luzeko diskorik onenak, guztiak Atlantic zigiluarekin. 

Euskal musika zaleok Colemanen musika zuzenean entzuteko parada izango dugu Gasteizko 31. Jazzaldian, uztailaren 20an, hain zuen. Iaz jazzaldiaren arduradunek Sonny Rollins saxofoi jole klasikoa ekarri zuten, baina aurten Colemanen bisitarekin maila nabarmen igo dute. 77urte dituela, jazz musikariak Sound Grammar izeneko zuzeneko grabazioa argitaratu du iaz eta hari esker Pulitzer Musika saria jaso du aurten (2007 urteko Grammy sarietarako ere aukeratu dute Jazz Instrumental Onenaren sarirako).


Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button