LITERATURA

Anjel Lertxundi: idazlea eta obra

Uda Ikastaroak euskal literaturaren izen handi bat eta bere obra jarri nahi ditu erdigunean Anjel Lertxundi, idazlea eta obra saioaren bidez. Ikastaro horren helburuak hauexek dira: Anjel Lertxundiren obra ezagutaraztea, horren oparotasuna eta kalitatea nabarmenduz, eta Lertxundiren literaturgintzak ikergai gisa duen interes handia agertzea, ikerketa eremu berriei ateak zabalduz. Ikastaro hori ikasle eta ikertzaile gazteei ez ezik, Lertxundiren obran interesa duen publiko zabalari ere zuzendua dago.

Aipaturiko idazleak obra aberatsa osatu du bere ibilbidean, sari entzutetsuak jaso ditu (Euskadi, Espainiako Nazionala, Rosalía de Castro, etab.), eta ezinbestekoa da literatur ikerketen esparru akademikoak hori aztertzea eta etorkizuneko ikerketei ateak zabaltzea.

Asmo horrekin aditu eta hizlariak bilduko dira datorren astean, 29an eta 30an. Aditu horiek Lertxundiren obraren alderdi askotarikoak jorratuko dituzte (nobela, saiakera, haur eta gazte literatura, zinemagintza, etab.) Horrekin batera, Lertxundik euskal kulturgintzan eta irakurleengan duen onarpen zabalari omenaldia egiteko asmoz, parte-hartze bereziak izango dira: idazleari zuzeneko elkarrizketa, irakurketa musikatua, eta, itxiera gisa, Lertxundiren beraren hitzartzea.

Ikastaroaren zuzendariak Beatriz Zabalondo Loidi eta Alexander Gurrutxaga Muxika dira, eta bertan parte hartuko duten adituen zerrenda honako hau: Nerea Arruti, Beñat Sarasola, Lourdes Otaegi, Andoni Egaña, Idoia Santamaria, Jorge Gimenez, Ainhoa Fernandez de Arroiabe, Iratxe Retolaza, Iñaki Lazkano, Antton Olariaga, Xabier Etxaniz eta Juan Kruz Igerabide, besteak beste.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button