LITERATURA

“Klasikoen X. Irakurraldi Jarraitua” aurkeztu dute gaur goizean

Itxaro Bordaren %100 Basque obra aukeratu da aurten, datorren ostegunean, ekainaren 8an, 08:00etan hasita eta hamabi orduz, Klasikoen X. Irakurraldi Jarraitua ekimenean irakurtzeko.

Arriaga Antzokian izango den ekitaldia gaur goizean aurkeztu dute Koldo Narbaiza Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza zinegotziak, Pedro Alberdi irakurketaren arduradun eta Bilbo Zaharra Euskaltegiko ordezkariak, Itxaro Borda idazleak, Pello Ugalde Laboral Kutxako lurraldeko zuzendariak eta Ana de Castro Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak.

Aurten X. edizioa da, zenbaki borobila, eta horrek “ hausnarketa txiki bat dakar”, izan ere, “orain dugun irakurketa eta ekimena hasierako urteetan buruan genuena da” adierazi du Pedro Alberdik. Modu honetan ekimena finkaturik agertzen da gaurko egunetan, eta hala, gure literaturaren aniztasuna zertan den erakusteko balio handia du, eta era berean aldarrikapen txiki bat ere egiten da: geure literatura ezagutzearena.

Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen du irakurraldia, eta joan den urteko Kafkaren lanaren ostean, aurten “zerbait apurtzaile eta emakume idazle baten lana nahi genuen. Ondorioa argia izan da:  Itxaro Bordaren %100 Basque lana, estilo oso bestelakoan idatzita dagoena”.

Literatura irakurtzeaz gain, ekimenak badu beste helburu bat: euskarazko ikasleek egindako ahalegina errekonozitzea, eta horrela Euskara Ikasleen Jaia ere bada. “Horiek euskararen etorkizuna direlako, euskara kalera atera nahi dutelako, ahalegin itzela egiten dutelako, euskarari kolorea ematen diotelako, esker onekoak direlako, finean, ezinbestekoak direlako” esan du Alberdik.

Ekimena Arriaga Antzokian izango da ekainaren 8an, ostegunean, eta 400 pertsonek obra irakurri ostean, Arriagako Plazan erromeria egingo da. Horretaz gain, Azkuna Zentroak ere hartuko du parte ekimenean, eta bertako pantaila batean zuzenean transmitituko da irakurketa. Ohikoa denez, Arriaga Antzokiaren kanpoaldeko pantaila batean ere ikusiko da, bai eta EITB-ren webgunean ere. Abandoko Metro Geltokian Klasikoen Irakurketa Jarraituak hamar urteotan izan duen ibilbideari buruzko erakusketa ikusgai ere badago ekainaren 15era arte.

Azkenik aipatu behar da, egunotan, Estereotipoetatik ihesi izeneko jardunaldiak egiten ari direla Bilbo Zaharra Forum ekimenean.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button