LITERATURA

Haur literaturako bi nobedade aurkeztu ditu Elkar argitaletxeak

Ehun ipuin hitz gutxitan kontakizunean, orain arte erakutsitako irudimena eta umoreaz gain, bizipenetatik ateratako hausnarketa motz baina sakonak aurkezten ditu Joxantonio Ormazabalek. Bizitzako kontuak dira, umorez beteak, pentsatzeko eta gozatzeko, haurrentzat eta haur izan zirenentzat ere egokiak.

Joxantonio Ormazabal (Zegama, 1948), irakasle lehenengo, editore ondoren, urteak daramatza haurrentzat ipuinak, poemak eta kantak asmatzen eta itzultzen. Zirkua amets, 2008ko album ilustratuen Etxepare Saria jaso zuena; Hitz eta zaunka ipuina eta Ilunorduak eta argilaurdenak poema liburua dira bere azken lanak.

Jon Zabaleta ilustratzailea, berriz, Hernanin jaio zen 1950 urtean. Ipurbeltz eta HABE aldizkarietan ezagun asko egin ziren Jonen komikiak, eta bere ilustrazioak euskal idazle ugariren testuen ondoan aurki daitezke.

Ipurtargiak paradisuan liburuak, berriz, honako hau kontatzen du: "mundua mundu izaten hasi zen lehen egunetik, animaliak nor-gehiagoka hasi ziren munduaren jabe zirelakoan. Nor handiago, nor azkarrago, nor ederrago, nor indartsuago… Adan eta Eba agertu ziren arte, orduan iskanbilak bukatu ziren haien artean".

Mariasun Landa Errenterian jaioa 1949an. Amets uhinak bere lehen liburua 1982an argitaratu zuenetik 30 titulu inguru kaleratu ditu haur eta gazte literaturan. Hauetako asko Espainiako nahiz atzerriko hizkuntzetara itzuli dira.

Maite Gurrutxaga Otamendi marrazkilaria, halaber, 1983an jaio zen Amezketan. Arte Ederrak ikasia da, ilustraziogintzan sakontzen dabil gaur egun. Berak eginak dira Karlos Linazasororen Zein beste mundukoa liburuko irudiak.

Elkar argitaletxeak bidalita

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button