MUSIKA

Karlismoa zinemaren Ikuspuntutik

Lizarrako Karlismoaren museoak XIX. mendeko gatazka karlistetako istorioetan girotuta dagoen edo istorio horiek ardatz hartu dituen zinemari buruzko erakusketa berria abiatu du, eta  apirilaren 29ra arte luzatuko da. Bertan, hogei pelikula pantailaratuko dira.

Erakusketa sei esparrutan banatuta dago. Lehenengo esparruak Literaturatik zinemara du izena, eta hor, karlismoa agertzen duten lehenengo pelikulen eta XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako testu literarioen arteko lotura zuzena aztertzen da. Bigarren esparrua Karlismoa, erregimen frankistaren zinemaren mendean izenekoa da, eta atal horretan, karlismoa era anekdotikoan tratatzen da. Hirugarren esparrua 80. eta 90. hamarkadetako zinema historizista da, eta honek pelikula landuagoak ditu ardatz, Euskal Herrian eta Katalunian ekoiztutakoak. Haietan, bigarren gerra karlista (1872-1876) era xehean birsortzen da eta ideologiak era parekideagoan islatzen dira. Laugarren esparru, Vacas pelikulatik Handia pelikulara da  eta zinema intimistagoari egiten dio erreferentzia. Gerra karlistak erabiltzen dira Nafarroan eta Euskal Herrian girotutako istorio familiar eta pertsonalak kokatzeko. Esparru horretan lantzen diren bi pelikulek Vacas (1992, Julio Medem) eta Handia (2017, Aitor Arregi eta Jon Garaño), euskal landa eremuetan karlismoari buruz zegoen ideia berreraikitzen dute. Bosgarren esparrua Fantasia 1843an: Errementari da eta, bertan karlismoaren gaiak zineman izan duen sarraldirik berriena jorratzen da: Errementari (2018, Paul Urkijo). Filma fantastikoa da eta nafar folklorearen eta XIX. mendeko beldurrezko literaturaren eragin nabaria du.
Azken esparruak Azpi-genero propio baten aurrean izena du eta karlismoaren testuinguru historikoko aukera narratibo zinematografikoei buruz hausnartu nahi du.

Informazio guztia hemen eskuratu ahal duzue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button