
Bilboko gazteen eta gazteen kolektiboen sormen-ekimenen garapenari laguntzea eta horrekin batera Bilboko bizitza soziala eta kulturala aberastea izan du xede Ideiak Martxan lehiaketak.
Lehiaketa honen bidez, Gazteria Zerbitzuak, Bilboko gazteei lagundu nahi die euren proiektuak garatuz esperimentatzeko eta ikasteko aukera izan dezaten.
Otsailera bitartean iraun zuen proposamenak, eta orain ideiarik ederrenak zeintzuk izan diren ezagutzera eman dute.
Honakoak dituzue: Urban Point (Libe Dueñas, Saray Herrero, Ana Álvarez, Saroe Pascual): Hirigintzarekin lotutako ekimena, uriko espazio publikoak gizatiartu nahi dituena, herritarrek jakin dezaten espazio horien eurenak ere badirela eta bizi ditzaten.
Mugi (Irati Burgués): Elementu arkitektoniko mugikor bat diseinatu eta egingo da, kultur jarduera ugariri aterpea emateko: aire zabaleko tailerrak, informazioa, liburutegi mugikorra, ortu ekologikoa, erakusketak, musika zuzenean…
Artisten Meeting Pointa (Nora Aurrekoetxea, Irati Urrestarazu, Izaro Gonzalez Ieregi, Miren Jone Ernaga): Proposamen honek artistentzako topalekua eskaini nahi du, denen arteko lana, etengabeko harremana eta belaunaldien arteko esperientzia-trukea ahalbidetzeko.
Moda Lumiers (Mariangela Artese): Diziplina anitzeko proiektua, moda eta teknologiak uztartzen dituena. Ikusleen aurrean ohiz kanpoko desfile baten itxura dauka, baina desfilearen ohitura aldatu eta hizkera artistiko propioa garatu nahi du.
Agronautas-Ensayos hacia la autosuficiencia (Elisa Garcia): Bilbon praktika eta ohitura jasangarriak sortzeko eta esperimentatzeko proposamena.
Coworkalari (Guilllermo Royo, Maddi Texeiro): Cowork-aren bidez, sektore desberdinetako pertsonek espazio bera partekatzen dute eta euren proiektuak garatzen dituzte, lankidetza eta sareko lana sustatuz.
Hiri asko bere baitan (Aitor Gómez Arribillaga, Asier Olabarrieta, Unai Villena) Elkarlaneko proiektu honek hiru ardatz dauzka: euskara, musika eta argazkigintza. Bilboko zortzi barrutietan oinarrituta: barruti bakoitzeko txoko esanguratsu bateko argazki bat, eta horrekin lotutako testu bat eta musika bat.