LITERATURA

Ja!, Umorezko Literaturaren eta Artearen Jaialdia abian da

Abian da Bilbon Umorezko Literaturaren eta Artearen XIII. Nazioarteko Jaialdia eta urriaren 11ra bitartean, egitarau zabala antolatu da. Aurtengo protagonista nagusia Caitlin Moran idazle ingelesa izango da eta BBK Aretoan igandera arte luzatuko den egitaraua zabalduko du.

BBK Salan egingo da egitarauaren lehen zatia eta asteburuan zehar, sei ekitaldi eta 14 gonbidatu izango ditugu. Hala, Ramon Bareak eta Itziar Lazkanok Comicos de la Legua antzerki taldea biziberrituko dute; Javier Cansado eta Carlos Garcia Gual elkarrekin igoko dira eszenatokira; Katixa Agirrek eta Maite Larburuk “Kax kax kax!” lana antzeztuko dute, eta Jimina Sabaduk, Alberto Olmosek eta Mercedes Cebrianek “narrasari eta txepelari buruz” hitz egingo digute. Diego San Josek eta Jorge Guerricaechevarriak komedia-gidoiaren gaineko elkarrizketa batekin amaituko dute asteburua.

Hala, gaur arratsaldean, irailak 30, arratsaldeko 19:30etan, Ramon Barea eta Itziar Lazkano aktoreen arteko elkarrizketa-solasaldia egongo da. Pedro Bareak zuzenduko duen elkarrizketan, hirurogei hamarkadako Bilboko antzerkiaren munduaren panoramari errepasoa egingo diote. Izan ere, bi antzezle hauek elkarrekin sortu baitzuten Comicos de la Legua lehen antzerki talde independentea eta haren historia gogoratuko dute.

Larunbatean, urriak 1ean, aldiz, ekitaldi bikoitza programatu da. Arratsaldeko 18:00etan, batetik, Javier Cansadok eta Carlos Garcia Guale elkartuko dira elkarrizketa-solasaldi emanaldian. Bikote ezohikoa da, baina egonkorra, eta “epikurotarrak, sinposioak eta armonian bizitzen jakitea” izango dituzte hizpide.

Eta arratsaldeko 19:30etan, Jimina Sabaduk, Alberto Olmosek eta Mercedes Cebrianek narrasa eta txepela izatea zer den, eta bien arteko kontrakotasun eta antzekotasunak aztertuko dituzte. Hitzorduan, anbar koloreko Duralex katiluetan ateratako tea eta Sonrisas y lágrimas filmeko abestiak nagusituko dira.

Igandean ere, ekimen bikoitza izango da BBK Aretoaan bertan.18:30etan, “Kax, kax, kax!”, Katixa Agirrek eta Maite Larburuk eskainiko duten kantu eta ipuin, letra eta abesti errezitaldia. Protagonistek ateak zabaldu eta ikus-entzuleak inguratu egingo dituzte, abestien eta kontakizunen artean. “Baina nork kantatuko du? Eta zer? Nork kontatuko du? Jakingura duenak beraiekin ateak gurutzatu eta barrura sartu beharko du. Edo kanpoan geratu, badaezpada ere…”.

Ondoren, 19:30etan, Diego San Jose eta Jorge Guerricaechevarria eszenaratuko dira. Komedia-gidoirik onena idazteko “amarruak, aholkuak, esperientziak eta zalantzak” argituko dituzte.

Ekimen guztiak doakoak izango dira baina gonbidapena eskuratu behar da. Egitarau osoa eta sarrerak jaialdiaren webgunean eskuratu ditzakezue.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button