MUSIKA

Izarok kontzertua eskainiko du datorren astean, Kursaal Eszenan

Izaro kantariak Eason disko atera ondoren, Euskal Herrian bertan, Madrilen, Bartzelonan, Galizian, Mexikon,… eman ditu kontzertuak. Datorren astean, urtarrilaren 5ean, Kursaal Eszenan arituko da, bira amaierako lehen emanaldian.

Honela deskribatzen du Izarok bere azken diskoa: “Bigarren lan hau lehenengoa baino kontzienteagoa da zentzu askotan: banekien lan hau egin nahi nuela, banekien norekin egin, nola, nondik eraman nahi nuen eta banekien zertarako. Baina lehenengo lan hartan bezala, ez nekien nora heldu nahi nuen honekin; denborari utziko diot hori erabakitzen”. Era berean, zera dio: “Aurkitze bat kontatu nahi izan dut disko honetan, nire buruaren aurkitzea. Nik nire burua behin baino gehiagotan aurkitu dudan arren, nire burua Donostian topatu dudan aldia dut bereziki gogoan, eta disko honetan aurkitze hori bildu nahi izan dut”.

Duela gutxi, Musika Bulegoak saritu egin du bigarren disko honetan erakutsi duen profesionaltasuna, izan ere, haien hitzetan, “etorkizun handia duen musikaria da eta geratzeko etorri da Izaro”.

Kursaalean eskainiko duen kontzertua, Izaro Gipuzkoan Eason diskoarekin ikusi ahal izateko azken aukera izango da. Hor gainera, bere ohiko musikariez gain (Iker Lauroba Alonso, gitarra; Oriol Flores Arisa, bateria; Julen Barandiaran Blanco, baxua; Garazi Esnaola Balerdi, teklatua), Xabier Zeberio Etxetxipia biolinista, Jesus Herrera flamenko-dantzari donostiarra eta beste parte-hartzaile sorpresaren bat ere izango ditu lagun kontzertuan.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button