MUSIKA

Eñaut Elorrietak Nafarroako “Kultur” programa zabalduko du

Musika, dantza eta artearen inguruko hainbat ikusgarri berezi biltzen dituen Nafarroako Kultur programak gaur zabalduko ditu bere ateak, Eñaut Elorrieta musikariak Tafallako kultur etxean, 20:30ean, eskainiko duen kontzertuarekin. Programa hori ekainaren 22tik irailaren 8ra bitartean garatuko da Nafarroako 36 herritan.

Eñaut Elorrieta (Gernika, 1975) Ken Zazpi euskal musika taldearen sortzaile eta kantaria da. Atzo da bihar (2001), Argiak (2007) eta Phoenicoperus (2015) diskoak dira talde horrenak, guztiak arrakastatsuak.

Kasu honetan kantaria bakarka joango da Tafallara, izan ere, 2013az geroztik, bide berri bat ireki zen Eñaut Elorrietaren karrera artistikoan, Elkar diskoetxearekin Deserriko kantak izenburuko bakarkako bere lehenengo lana argitaratu zuenean. Horrexegatik, kontzertu honetan, bere azken diskoko doinuak entzun ahalko dira, eta hala, norberaren baitako geografian dauden bideak ibiltzeko gonbita luzatuko dio publikoari.
Berak landutako testuez gain, gustuko dituen hainbat idazleren lanak ere musikatu ditu, tartean, Joseba Sarrionandia, Joan Oliver Mario Benedetti, Harkaitz Cano edo Bernardo Atxaga.

Kultur 2018 programak 36 musika, dantza eta antzerki jarduera antolatu ditu Nafarroako makina bat herritan. Ekimenaren helburua Nafarroako herri guztietara kalitatezko kultur programazio anitza eramatea da.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button