BESTELAKOAK

Bikoteka, liburu grafikoetarako ilustrazio eta narraziogintza tailerra

Liburu ilustratu bat nola idatzi, sekuentziatu, marraztu eta argitaratu daiteke ikasteko Bikoteka ikastaro trinkoa duzue. Aitziber Alonso ilustratzaileak eta Harkaitz Cano idazleak koordinatuko duten tailer honen helburua “idazle-ilustratzaileak bikoteka jarri eta modu praktikoan nork bere lanera bideratutako erabakiak hartzen laguntzea da”. Tailer honen emaitza gisa, parte hartzen duen bikote bakoitzak album ilustratu baten proiektua abiatuko du.

Tailerrean hainbat galdera planteatuko dira: Zein da liburu ilustratu baten abiapuntua? Nola eraikitzen da pertsonaia bat irudiz eta nola hitzez? Zer dira arketipoak eta nola funtzionatzen dute? Nola sekuentziatzen da istorio bat? Nola atera dakioke ahalik eta etekinik gehien irudizko lengoaiari, hitzek diotena literalki ilustratu beharrean istorioari dimentsio berri bat emateko? Zein esperientzia literario eskaini nahi diogu irakurleari? Nola funtzionatzen du gurean album ilustratuen edizioaren munduak?

Tailer honetan hizlari gonbidatuak ere izango dira. Junkal Lertxundi, Idoia Arozena (Ikaselkar) eta Carmen Elvira (Pamiela) editoreen eskutik euskal albumaren edizioaren alderdi ezberdinak jorratuko dira. Lertxundik eta Arozenak hezkuntzaren esparruan sortutako Kimu eta Kuku proiektuen berri emango dute eta Elvirak arteari lotutako Bagara album saila aurkeztuko du.

Idazle eta ilustratzaileek parte har dezakete, bakarka zein binaka (bakarka aurkezten direnei bikotea aurkituko zaie, posible den heinean). Parte-hartzaileek ez dute zertan lan argitaraturik izan behar eta aurkezten diren hautagaien artean egile berriak lehenetsiko dira. Parte-hartzaileek euskaraz jakin behar dute.

Guztira, lau egun eta erdiz, 37 orduko tailer praktikoa eskainiko zaie, urtarrilaren 29tik otsailaren 2ra, Iruñeko Kondestable Jauregian.

Informazio guztia: Bikoteka.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button