LITERATURA

“Muga” antologia poetikoaren aurkezpena, Bidebarrieta Kulturgunean

Bilboko Bidebarrieta Kulturguneak, El Gallo de Oro argitaletxeak kaleratu duen Muga antologia poetiko elebidunaren aurkezpena hartuko du gaur, maiatzak 3, arratsaldeko 19:30etik aurrera. Antologiak, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategiren poemez horniturik dator. Argitalpenaren hitzaurrea Jon Kortazarrek egin du. Azken honek eta Juan Manuel Uria editoreak ere parte hartuko dute aurkezpenean.

Antologia honetan agertzen diren poetak, Durangon 2008an eratu ziren Poesia y Pensamiento izeneko jardunaldien bultzatzaileak izan ziren. Data haietan ere, lau poetok pentsamenduaren poesiaren gaineko hausnarketak biltzen zituen manifestu bat sinatu zuten. Harrezkeroztik jardunaldiok etengabean abiatu dituzte urtero, Durangon eta Donostian. Espazio horretan poeta eta pentsalari anitzek hartu dute parte, euskaldunek zein erdaldunek, izan ere, jardunaldion bokazioetako bat bi hizkuntzan arteko zubi-lanak egitea da, eta mugako lurraldea bilakatzea (hortik dator liburuaren titulua).

Antologia honetako poetek hainbat bide poetiko landu dituzte, bakoitzak bere estiloan, baina elkarren arteko konplizitate nabarmenarekin. Felipe Juaristi Azkoitian (Gipuzkoa) jaio zen 1957an. Kazetaritza ikasi zuen Madrilen, eta une honetan gidoilari eta kazetari gisa egiten du lan. Zazpi poesia liburu idatzi ditu, eta horien artean Galderen Geografia, Aingeruaren Angelua eta Piztutako Etxea azpimarra daitezke.  Juan Ramón Makuso Filosofia Irakaslea da Errenteriako Koldo Mitxelena BHIan. Bere lanen artean poesia liburu hauek daude: Bizitzeak hil egiten du, Hiri gorazarre, Huntza hezur berritan, eta Hitzak argi. Pello Otxoteko Zientzia Biologikoetan eta Biokimikan lizentziatua da. Horrez gain Filosofia ikasketak ere egin ditu UNEDen. Gehien argitaratu duen estiloa poesia izan da: Haraindiko begiradaren bila, Itzalaren ñabarduretan edo Anphora baita. Aritz Gorrotxategi (Donostia, 1975) gidoilari, zutabegile, irakasle eta itzultzaile gisa aritu da. Bere lanen artean Zaldi hustuak eta Hariaz beste poesia liburuak aipa daitezke. Azken lan horrek Kritikaren Sari Nazionala eman zion 2012an. 

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Back to top button