ARTEA

Irudiari aurre egitea

Artium Museoak Chantal Akerman. Irudiari Aurre Egitea izeneko erakusketa aurkeztu du, urrira bitartean ikusgai izango dena.

Irudiari aurre egitea Chantal Akerman (Brusela, 1950 – Paris, 2015) zinemagile belgikarrari eskainitako erakusketa da, Claire Atherton haren ohiko kolaboratzaileak komisariatua. Erakusketan “Akermanek hainbat urtetan Athertonekin elkarlanean sortutako zinema-instalazioak aztertuko dira, hiru dimentsioko espazio batean mugimenduan dagoen irudiaren dimentsio sekuentziala hedatuz.”

Artiumek luzatutako informazioaren arabera, eta Claire Athertonen hitzetan, “Chantal Akermani bereziki gustatzen zitzaion instalazioetan lan egitea, oso aske sentitzen zelako. Dena etxean egin nahi izaten zuen, zer lortu nahi genuen inori azaldu beharrik gabe. Esaten zuen, pelikula bat baino areago, instalazio bat ezin dela aldez aurretik deskribatu, egin ahala sortzen delako. Eta gero, izugarri gustatzen zitzaigun ikusleari beti gehiago eskatzea, lana ez mastekatuta ematea. Mugitzeko, miatzeko eskatzea gustatzen zitzaigun. Mugimenduan jarriko zuen eta pentsamendua argituko zuen espazio bat eraiki nahi genuen. Erakusketa honek gure lana islatuko du.”

Lan batzuk soinudunak dira, beste batzuk, mutuak, batzuk zuri-beltzekoak eta beste batzuk koloredunak. Eta argazkiak ere bai.
“Gure denbora hartu, aurrera egin, atzera egin, hurbildu, urrundu eta berriro hurbiltzeko aukera ematen digun ibilbidea. Geure erritmoa aurkitzea da kontua. Oso obra intimoak eta munduari irekitako beste batzuk ikusiko ditugu, baina guztiak politikoak, formari eta presentziari dagokienez”.

Erakutsi gehiago

Antzeko artikuluak

Back to top button